Gipuzkoa

Albisteak

Arduradun publikoek azalpenak eman ditzaten, erraustegiaren jardunaren inguruko galderak egin ditu EH Bilduk ordezkaritza duen erakundeetan


Zubietako erraustegiaren jardunaz dagoen gardentasun faltaz kezkatuta, idatzizko informazio eskaerak egin ditu EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Eusko Legebiltzarrean eta Espainiako Kongresuan.

| 2021-01-12 11:00:00

Joan den abenduaren 11n, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatu eta GHK-ko presidenteak adierazi zuten Zubietako erraustegia errendimendu osoan erabilgarri zegoela. Hala ere, hori ezbaian jartzen duten albisteak bata bestearen atzetik jaso ditugu azken hilabeteetan. Transformadore nagusia konektatzeko ahaleginetan izandako istripuak, Arkaitzerrekako kutsadura, energia sorkuntzaren inguruko datu nahasgarriak, emisioen kontrolik eza, jarduera baimenen kudeaketa susmagarria...

 

EH Bilduk Asensio jaunaren agerraldia eta GHK-ko batzar berezia eskatu zituen, baita guztia argitu arte erraustegiaren jarduna etetea ere. EAJ-PSEren gobernuak emandako azalpenek, ordea, ez gaituzte asebete. Ez dute agiririk aurkeztu erraustegiak beharrezko baimen guztiak badituela frogatzeko. Herritarrei ez diete informaziorik gardentasunez eman, eta gezurretan aritu dira.

 

Egoeraren larritasuna ikusita, bi erabaki hartu ditugu. Bata, instituzionala: dagoeneko hilabete bat igaro da erraustegia martxan dagoenetik. Ez zaie horren inguruko informaziorik helarazi hondakinen kudeaketaz arduratzen diren Gipuzkoako mankomunitateei. Horri aurre egin asmoz, GHKn ekinbide administratibo bat abiaraziko dugu. Bestea, politikoa: erraustegiaren legezkotasunaren inguruko idatzizko galderak erakundeetan erregistratzea erabaki du EH Bilduk.

 

Hala, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Zubietako erraustegiaren legezkotasunaren inguruko txosten juridikoa eskatzeko ebazpena aurkeztu dugu, Elkarrekin Gipuzkoa taldearekin batera. Eusko Legebiltzarrean, hainbat galdera helarazi dizkiote EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU taldeek Ekonomia Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumen Sailburuari. Erraustegiaren jarduerarako beharrezko baimenez, egin beharreko ikuskepenez, hartu beharreko segurtasun neurriez, arau hausteengatik irekitako espedienteez eta azpiegitura teknikoaren homologatzeaz informazioa eskatu dugu, besteak beste. Eta bide beretik joko dugu Espainiako Kongresuan ere.

 

Azkenik, berresten dugu erraustegiaren kudeaketa pribatuaren gaineko kontrol publikoa areagotu egin behar dela. Azken hilabeteotan ikusitako irregulartasunek erakusten dute dagokion erantzukizun politikoari izkin egin eta interes pribatuen mesedetan diharduela EAJ-PSEren gobernuak. Guk, erakundez erakunde, ardura politikoa eta herritarrei zor zaien gardentasuna eskatzeko baliatuko dugu gure ordezkaritza politikoa.