Getxo

Albisteak

Osasun-alarma garaian ere, kultura, auzoak eta herri-mugimendua bizirik!


Getxoko Udalak adierazpen publikoa kaleratuko du bihar, herriko jaien harira herritarrei arduraz jokatzea eskatuz eta hainbat debekuren berri emanez: eremu publikoan ekitaldiak antolatzea, txosnak montatzea eta abar. EH Bildutik erabaki dugu adierazpen horretan ez parte hartzea, hainbat arrazoi direla medio:

| 2020-09-02 12:39:00

- Adierazpen hori Udalaren aurpegi zuriketa baino ez da. Jaiak bertan behera utzi dituzte, kulturgintza itotzen ari dira, herri-mugimenduak debekuak baino ez ditu jasotzen... Baina Udaletik ez da inolako alternatibarik proposatzen. Beste herri batzuetan udako egitarauak antolatu dituzte, artistekin eta herri-mugimenduarekin elkarlanean, osasun-neurriak errespetatuz. Getxon, uda osorako, zazpi kultur ekitaldi antolatuko dituzte bakarrik, hutsaren hurrengoa.

- Udalak inposaketaren bidea jarraitu du uneoro. Horretan, normaltasun berriak ez du ezberdintasunik normaltasun zaharrarekin. EH Bildutik hamaika proposamen egin ditugu azken hilabeteotan, baita kulturgintzari dagokionez ere, baina ez dira kontuan hartu, eta ez digute erabakietan parte hartzen utzi. Beraz, ez dugu euren propaganda-argazkietan parte hartuko. Batasuna irudikatu nahi dute, atzean inposaketa dagoenean, besterik ez.

- Inposaketa hori herri-mugimenduak ere pairatu du. Udalak diru-laguntzen %85 kendu die jai batzordeei, eta jaiak egitea debekatu die. Bazegoen alternatibarik: diru-laguntzak mantendu eta bestelako jaiak antolatzea: streaming bidezko ikuskizunak, osasun-arauak errespetatzen dituzten jarduerak antolatu eta abar. Beste herri batzuetan hala egin dute. Gainera, Getxoko Udalak kultur ekimenak antolatu ahal baditu, zergatik herri-mugimenduak ez?

- Argi geratzen ari da osasun-alarma egoera honetan zeintzuk diren batzuen lehentasunak: enpresari handien etekin ekonomikoa sustatu, azpiegitura erraldoiak bultzatu, bozkatzera joan (nahiz eta oinarrizko osasun-baldintzarik ez egon)... Eta bitartean herrigintzarentzat trabak, debekuak eta inposaketak. Argi diogu: ez dugu onartuko osasun-krisia aitzakiatzat erabiltzea herri-mugimenduaren kontra egiteko, Itzubaltzeta Gaztetxearekin gertatu den bezala.

- Ez da zilegi erakunde publikoek norbanakoen ardura azpimarratzea, erakundeek ere bestelako interesak lehenesten dituzten bitartean. Hauteskundeak dira horren adibiderik garbiena: egun horretara arte "normaltasuna" izan da nagusi, baina uztailaren 12tik aurrera hasi dira fokoak han eta hemen, debekuak areagotu dira eta abar.

- Azkenik, eta nola ez, EH Bildutik arduraz eta erantzukizunez jokatzen jarraituko dugu, orain arte egin dugun bezala, eta hala jokatzeko deia egiten diegu herritarrei. Osasuna eta bizitza lehenetsi behar dugu beste edozerren gainetik, gure burua eta gure ingurukoak zainduz eta arduraz jokatuz. Zaindu gaitezen!