Getxo

Albisteak

Konponbideak San Nikolas plaza azpiko aparkalekuarentzat!


Getxoko EH Bilduk mozioa aurkeztuko du Algortako San Nikolas plazaren azpian alokatzeko sistema merkea eta hilabetekoa ezartzeko.

| 2020-09-23 12:09:00

Zazpi urte igaro dira Getxoko Udalak lur azpiko aparkalekua eraiki zuenetik Txiki Otaegi edo San Nikolas plazaren azpian. Obra horrek 3.500.000 euro baino gehiagoko inbertsioa izan zuen, eta hainbat urtez hankaz gora utzi zuen Algortako plaza, horrek inguruko auzokide, dendari eta ostalariengan sortu zituen kalte guztiekin. Plazaren itxura berriak ere hautsak harrotu zituen: kioskoa desagertu zen, “alde zahar” itxuraren galera ekarri zuen, nortasun gabeko plaza geratu zen, bankuak Amazonaseko “luxuzko” egurrarekin eraiki zituzten... Hori guztia, noski, alboan eraikitako Muxikebarri eraikinak izan dituen arazo tekniko eta diru xahuketa guztiak kontuan hartu barik.

Halaber, plazaren azpian lur azpiko aparkalekua eraiki zuen Udalak. Inguruko herrietan autoak erdiguneetatik kanpo uzteko politikak sustatzen ari ziren bitartean, Getxoko Udalak erabaki zuen Algortako bihotzean aparkaleku bat eraikitzea, hots, kotxearen erabilera sustatzea. Horrek, bada, Algortako mugikortasun politiken etorkizuna hipotekatu zuen, zailtzen duelako gaur egun Algortako erdigunean oinezkoentzako guneak zabaltzea eta autoen joan-etorriei mugak ezartzea. 

Hori gutxi balitz, argi geratu da auzokideek ez dutela interes handirik erakutsi aparkaleku horretan leku bat erosteko aukerarekin. 2013. urtean libre zeuden 105 lekuetatik, 15 leku saldu ziren. Zazpi urte igaro dira, eta ez dirudi aparkalekuak arrakasta handirik lortu duenik. Ekaineko osoko bilkuran EH Bildutik galdetu genuen zein zen aparkaleku horren egoera, eta Udal Gobernuak azaldu zuen 16 leku bakarrik saldu direla. Hau da, zazpi urtetan leku bakar bat gehiago saldu da. Gainontzeko lekuei dagokionez, 17 leku Musika Eskolako irakasleek erabiltzen dituzte, eta beste bat udal langile batek. Orotara, 69 leku libre daude gaur egun.

Datuak begiratzea besterik ez dago ikusteko aparkaleku honen kudeaketa negargarria izan dela ondorioztatzeko: plaza txikitu, dirua alferrik xahutu, autoen erabilera herrien erdigunean sustatu... eta dena, gainera, auzokide edo bisitariek erabiltzen ez duten azpiegitura bat egiteko. Aipatu barik, gainera, aparkalekuak ere arazo teknikoak dituela, bere sarbide bakarrak trafikoan arazoak sortu eta erabilera berriak bilatzea zailtzen duelako.

Argi dago, beraz, EH Bildutik hainbat kritika egin ahal dizkiogula proiektu honi, eta Udal Gobernuak autokritika egin beharko lukeela azpiegitura honen kudeaketagatik. Baina errealitatea da, aparkaleku hau eraikita dugula jada, inbertsioa eginda dagoela, eta gaur egun erabilera barik jarraitzen duela. Urteak igaro dira eta Udal Gobernutik ez da planteamendu berririk egin azpiegitura honentzat eta bada momentua konponbideak bilatzeko eta ahal den neurrian, aurretik egindako okerrak konpontzen saiatzeko.

Aparkalekua Algorta erdigunean dagoela ikusita, EH Bildutik ez dugu babesten bertan sistema rotatorioa ezartzea, horrek autoen joan-etorria bultzatuko lukeelako Algortako etorbidean, eta trafikoan arazoak sortuko liratekeelako aparkalekuaren sarbide bakarrean. Ikusita erosteko baldintzek ez dutela auzokideen interesa piztu, EH Bildutik proposatzen dugu aparkalekuan hileroko edo urteroko alokatzeko sistema ezartzea, prezio merkeagoetan, hori auzokideentzat interesgarriagoa izan daitekeelakoan.