Getxo

Albisteak

EAJk iragarri du presoen senideei ez zaiela diru-laguntzarik emango datozen hiru urteetan sakabanaketari aurre egiteko, PPren eskakizuna onartuta


| 2020-09-16 13:24:00

Getxoko EAJk jakitera eman duenez, Getxoko Udalaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sakabanaketari aurre egiteko jasota zeuden laguntzak kentzeko asmoa du. Era berean, Udaleko indar politikoen ordezkariek gaur egindako bileran, EAJk ere laguntza horiek datozen hiru urteetan ez emateko asmoa agertu du.


EH Bildutik salatu nahi dugu EAJk preso getxoztarren familien aurka egindako eraso berri hau. Sakabanaketari aurre egiteko laguntzak Diru-laguntzen Plan Estrategikoan sartu ziren 2016an, EH Bilduren eta Gobernu Taldearen arteko aurrekontu-akordioaren ondorioz. Laguntza horiek Getxotik 250 kilometro baino gehiagotara preso dauden familiek jaso ahal zituzten. 2016. urtea izan zen familiek laguntzak jaso ahal izan zituzten urte bakarra. 2018an, EAJ-PSEk PPrekin ituna egitea erabaki zuten, sakabanaketari aurre egiteko laguntzak ez ematearen truke. Hala ere, Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota zeuden oraindik (nahiz eta azken hiru urteetan ez eman), eta, beraz, etorkizunean emateko aukera zegoen.


Gaur iragarritako erabakiarekin, etorkizunean laguntzak emateko aukera kendu dute. Plana irailaren 29an egingo den osoko bilkuran bozkatuko da. Erabaki hori sakoneko keinu politikoa da, eta argi erakusten du EAJk ez duela inolako asmorik EH Bildurekin negoziatzeko eta bere hautua PPrekin adostasunetara heltzea dela. Argi utzi dute EAJk eta PSEk erabaki honekin PPrengana hurbildu nahi izan dutela. Izan ere, dirulaguntza horiek Plan Estrategikotik kentzea Alderdi Popularraren etengabeko eskakizuna izan da azken hiru urteetan.


Getxoko EAJ, beraz, prest dago presoen familiak laguntzarik gabe uzteko, PPrekin jarrerak hurbiltzearen truke. Hori guztia pairatzen ari garen osasun-krisiaren testuinguruan: hainbat presoren eta euren familien egoerak okerrera egin du eta larriagotu egin dira. EAJk erabaki du mendeku politikak sustatzen duten horiekin batera lerrokatzea eta bat egitea, dispertsioari eta horren ondorioei aurre egiteko pausoak eman beharrean. Beste behin ere, EAJren hitzek talka egiten dute errealitatean egiten dituzten ekintzekin.