Gasteiz

EH Bilduk udal osoko bilkuraren adierazpen argia nahi du, hiriaren hegoaldean eraikuntza gehiago ahalbidetzearen kontra

Larragorri Parkea martxan jartzea eta eraztun berdea zabaltzea ahalik eta gehien bizkortzeko eskatuko dio alderdiak udal gobernuari

| 2019-10-31 12:47:00

EH Bilduk mozio bat aurkeztuko du azaroko udalbatzan, Olarizu eta Armentia artean etxebizitzak eraikitzeko aukera aztertzeko. Alderdiaren iritziz, errotik moztu behar da lurzoru horren etorkizunari buruzko edozein espekulazio, gaur egun urbanizaezina dena, baina hiriko sustatzaile talde bat atzetik duena.

Udal gobernuak gutxi barru Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren berrikuspenaren aurrerapen dokumentua argitaratzea aurreikusten du. 'HAPOren berrikuspena ireki bezain pronto, eragile espekulatzaileen lehen proposamenak agertu dira, berdeguneak edo nekazal erabilerakoak urbanizagarri izatera pasatzea helburu dutenak ', ohartarazi du Felix Gonzalez udal taldeko zinegotziak.

2003ko plangintzan 60.000 etxebizitza egiteko lurzorua egokitu zen. Horietatik 30.279 eraiki gabe daude gaur egun. Gainera, gutxi gorabehera, 10.000 etxebizitza hutsik daude. "Hamarkadetan beharko ditugunak baino etxebizitza gehiago dira, argi eta garbi", azaldu du Gonzalezek. Espekulazioaren eta higiezinen eroaldi hark ondorioak ditu gaur egun: Salburua eta Zabalganako eremuetan oso dentsitate txikia duen hiria. "Batzuek badirudi ez dutela ezer ikasi, eta eredu hura errepikatu nahi dute irabazi pribatuen bila", salatzen du zinegotziak.

Ildo horretan, EH Bilduk proposatuko du udal osoko bilkurak lurzoru berde edo nekazaritza lurzoru gehiago ez kontsumitzearen aldeko apustua berrestea, bereziki Gasteizko hegoaldeari dagokionez, eta, horrela, eraikitzaileen asmoei atea itxiz.

Eraiki nahi den gunea bereziki kritikoa da ingurumenaren ikuspuntutik. Larragorriko parkea Lasarteko legar-hobietan proiektatuta dago, hegoaldeko ibaien uholdeak saihesteko irtenbide naturala delako, eta Armentia eta Olarizu arteko eraztun berdeari jarraipena emateko balioko duelako. Hori dela eta, mozioaren bitartez Larragorri Parkearen proiektuaren epeak ahalik eta gehien bizkortzeko eskatu nahi dio EH Bilduk udal gobernuari.

Miren Larrion alderdiko bozeramaileak gogorarazi du koalizioak hirigintzan egin duen apustu estrategikoa lehendik eraikitakoa aprobetxatzea dela, eta HAPOren berrikuspenarekin gaur egun plangintzak jasotzen dituen urbanizatu gabeko hainbat sektore desklasifikatzeari ekin behar zaiola, hala nola, S-14 Olaranen eta S-17 San Prudentzio Hegoaldean, besteak beste.

Larrionek defendatu duenez, "Hazkunde eta hedapen mugagabearen ilusioa alde batera utzi behar da, hirigunearen aktibazioan, hutsik dagoen lurzoruaren birprogramazioan, etxebizitza-parke eskasaren berreskurapenean eta erabileren integrazioan eta hibridazioan oinarritutako eraldaketa- eta birziklatze-hirigintza bati lehentasuna emateko". Udal bozeramailearen ustez, hiriaren hedapena egungo mugetatik haratago geldiarazteak "jasangarritasunaren aldeko belaunaldien arteko elkartasun konpromiso baten parte" izan behar du.

EH Bilduk 21 Zabalgunearen kolapsoa salatu du, 5 milioi euro baititu birgaitzerako laguntzetan ordaintzeke

Ana Oregi buru duen sozietate publikoak blokeatuta ditu sozietateak kudeatzen dituen etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko laguntzak, organoa modu ordenatuan desegiteko beharra agerian utziz

| 2019-10-29 19:25:00

Ana Oregi 21 Zabalguneko presidenteak azaldu duenez, birgaitzerako laguntzen programaren kolapsoa eman da. Zehazki, 2016tik 5 milioi euroko laguntzak ordaintzeke daudela jakinarazi du. Baina are gehiago, Oregik ohartarazi du 2018an ez zirela urte horretako martxotik aurrerako laguntzak onartu, eta 2019an ere ez dela laguntza deialdirik izango.

Egoera horren aurrean, Felix Gonzalez EH Bilduko zinegotziak salatu duenez, azken iragarpen horren ondorioz, "EH Bilduk berretsi egiten du 21 Zabalguneak aurretik duen bide logiko bakarra modu ordenatuan bere desegitearen burutzea dela, udalak berak birgaitzerako laguntzen programaren kudeaketa bere gain hartuz, haren ordainketa bermatuz eta orain arte sozietate publikoari esleitutako funtzioak udalera itzuliz; horrek, gainera, gardentasun-plusa ekarriko du”.

EH Bilduk urtez urte bultzatu du birgaitzerako laguntza-programa hori urtean 2,5 milioi eurotan mantentzeko beharra. Oraindik ere, programa horren beharra dagoela egiaztatzen du EH Bilduk eta ez du, inolaz ere, honen desagerpena nahi. Aurreko legegintzaldian zehar, EH Bilduk ekimen ugari babestu izan ditu sozietatean, sortutako diru-sarrerak birgaitzeko laguntza-programa mantentzeko konpromisoarekin, eta Presidentziak hala jaso du kontseiluan; bistakoa da, hori ez datorrela bat baliabide ekonomikorik ezen mezuarekin.

Sozietatearen existentziaren beharra zalantzan jarri zenez, Presidentziak 2015ean estatutuak aldatzea ahalbidetu zuen, xedean birgaitze-politikaren garapena jasotzeko eta politika horri buelta eman nahian. Ordutik lau urte igaro direnean, egiaztatu ahal izan da, ez soilik ez dela “birgaitzearen sozietatean” bilakatu, baizik eta bere jarduera aitortu bakarra, kolapsatu egin den laguntza-programa baten kudeaketa izan dela.

EH Bilduren iritziz, birgaitzeari bultzada ematea gai estrategikoa da hiri honetan; izan ere, garai bateko auzoetako ondare eraikiak, eta bereziki Erdi Aroko hirigunekoak, beharrezkoa egiten du udalak plangintza estrategikoa eta integrala egitea. Hori dela eta, EH Bilduk beti adierazi du birgaitzeko eta etxebizitzarako udal-politika bat babesteko borondatea, gaur egun existitzen ez dena.

Joko- eta apustu-etxeak arautzeari buruz Gasteizko Udalbatzak adostutakoa bete dezan eskatu dio EH Bilduk udal gobernuari

Iratxe Lopez de Aberasturi zinegotziak adierazi duenez, udal gobernuak joko eta apustu aretoak ez ugaritzeko hartu beharko lituzkeen neurriei buruzko galdera-sorta bat eramango du hainbat batzordetara

| 2019-10-29 13:28:00

Gaur ospatzen den Azar Jokorik Gabeko Nazioarteko Eguna dela eta, EH Bilduk berriro jarri du gaia mahai gainean; izan ere, duela urtebete, 2018ko azaroan, udalbatzak mota horretako lokalen inguruko hainbat konpromiso onartu zituen eta, hala ere, lokalen irekiera eta erabilerak ugaritzen jarraitzen dute.

2018ko azaroan, udalbatzak erabaki zuen gobernuak Eusko Jaurlaritzarekin batera lan egitea, EAEko jokoaren araudi orokorrean apustu-lokal berriak irekitzeko muga bat sartzeko, hauen eta joko-aretoen arteko distantziak adieraziz, […], eta ikastetxeekiko distantziak eta eremu aseen karakterizazioa txertatzeko". Era berean, osoko bilkurak erabaki zuen Udaltzaingoaren prestakuntza indartzea, areto hauetan adingabeen sarbidean eta jokorako sarbidea legez mugatuta duten pertsonen kasuak bereziki landuz. Horrez gain, ludopatiaren aurkako sentsibilizazio kanpainak egitea ere adostu zen.

Hala ere, Iratxe Lopez de Aberasturi EH Bilduko zinegotziak kritikatu duenez, "Urtebete igaro da puntu horiek onartu zirenetik, eta, hala ere, ez dugu ikusten egoerak hobera egingo duenik, ezta Urtaranen gobernua hirian joko eta apustu aretoen ugaritzea mugatzeko neurriak hartzen ari denik ere".

Horregatik, EH Bilduk udal gobernuari eskatzen dio hitzartutakoa bete dezala, neurriak har ditzala eta, EH Bilduren ekimenez Iruñean egiten ari den bezala, hemen ere luzapen bat aplika dadila joko eta apustu aretoen irekiera geldiarazteko. Euskal Herrian ez ezik, Bartzelonan ere ari dira neurriak hartzen, ausazko jokoen establezimenduak, apustu-aretoak, bingoak edo kasinoak irekitzeko baimenen onarpena bertan behera utziz, bai eta haietan irekitze- edo handitze-lanak egiteko baimenak ere. Bi kasuetan, hiria blindatzea bilatzen da, eta herritarrak ludopatia den osasun-arazo larri honetatik babestea, bizitzak hipotekatzea baino ez dakarrelako.


EH Bilduk ezinbestekoa ikusten du presaz jardutea, eta horregatik ohartarazi du gobernuri kontrol-neurri batzuk jarriko dizkiola, establezimendu horiek mugatzeari buruz adostutako puntuen betetze-maila ezagutzeko. Lopez de Aberasturik galdera sorta bat aurkeztu du, gobernuari eskatzeko duela urtebete Udalbatzak adostutako neurrien betetze-mailaren berri emateko.

EH Bilduk Gasteizko Udalbatzari eskatuko dio Gobernu espainolari premiazkoa den Garoñaren eraispena burutu dezan

Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Madrilgo gobernuari Garoñaren eraispena erreklama diezaioten eskatzen die EH Bilduk, baita Instituzioarteko Mahaia martxan jar dezaten ere

| 2019-10-16 13:57:00

EH Bilduk salatu du Madrilgo gobernuaren aurreikuspen faltak ahalbidetuko duela Santa Maria de Garoñako zentral nuklearraren hondakin erradioaktiboak hamarkadetan bertan biltegiratuko dela. Izan ere, eraispena 2032ra arte luzatuko da eta denboraldiko biltegiak orain aurreikusten diren 5 edukiontziak gorde beharrean, 49 gordeko ditu. Hau da, funtzionamenduan egon den bitartean sortu duen zabor nuklear gehiena, tartean 2.500 osagai nuklear – horietako asko aktibitate erradioaktibo altukoak- , bertan geldituko dira hurrengo hamarkadetan.

Betiko desagertua zela uste genuenean, Garoñaren mamua agertu zaigu berriro. Bada garaia Garoñaren behin betiko itxiera eta eraistea eskatzen duen aldarrikapen historikoari behingoz erantzun egoki bat emateko. Ez genuen zentral nuklearrik nahi eta ez dugu hilerri nuklearrik nahi. Aski da!” dio Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak.

Urteetako borroka eta aldarrien ondorioz lortu zuen Arabako gizarteak Zentral Nuklearraren behin betiko itxiera. Alabaina, Euskal Herria Bilduk Madrilgo gobernuaren aurreikuspen faltagatik eta mugitu ez delako, berriro ere gizartearengan ari dela erantzukizuna erortzen salatzen du, kasu honetan hilerri nuklearra saihesteko.

Halaber, gobernu espainolak Europako zentral nuklearrik zaharkituenaren eraispen prozesua serio hartu ez izana salatu du EH Bilduk, are gehiago, hondakinen kudeaketarako planik ez duenean gainera. Eta ez hori bakarrik, hondakinen kudeatzaile ofiziala den ENRESA enpresa publikoak ez du funts nahikorik hondakin nuklearren babes eta neutralizazio prozesu osoari aurre egiteko.

Gasteizko Udalbatza presatu nahi dugu Madrilgo gobernuari Garoñaren eraispena segituan eta atzerapenik gabe martxan jar dezan eta, era berean, ez dezan onartu lekua bera hilerri nuklear batean bilakatu dadin, horrek ekarriko lukeen osasunerako eta ingurugirorako kaltea saihestuz”, azaldu du Villalbak.

EH Bilduk prozesu bera jarrai dezaten eskatzen die Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari, hauek gobernu espainolari Garoñaren eraispena eska diezaioten eta, bide batez, martxan jar dezan hiruren arteko Instituzioarteko Mahaia. Azkenik, Añananako Kuadrillako berpizte ekonomikorako plana zehaztu eta abiatu dadin eskatzen du EH Bilduk.

 

EH Bilduk zerga-sistema justu eta ekitatiboaren alde egin nahi du, familien eta enpresen ahalegin fiskala berdin dadin

Gobernuak EJZn eskatzen duen %1aren igoera eta %4arena zaborren tasan, EH Bilduk bien arteko bataz bestekoa eskatzen du, %2,5a, pertsonen presio fiskala jaisteko eta enpresa igotzeko

| 2019-10-10 13:53:00

EH Bildu Gasteizko bozeramailea Miren Larrionek "Gasteizentzako benetako aukera diren proposamen anitz” aurkeztu ditu, “Gasteizen zerga-sistema justu, ekitatibo, errealista eta orekatua eskaintzeko aukera dugu hau, gasteiztarron eskubide ekonomiko eta sozialak bermatuko dituena.

Ekitatearen aldeko apustua da EH Bilduk duen oinarrizko baldintza eta horregatik %2,5ean ezarri nahi ditu Ekonomi Jardueren gaineko Zerga eta Zaborren Bilketagatik ordaindu beharreko Tasa, hori izango baita pertsonen eta enpresen berdinketa ekarriko duen bidea. %2,5a ez da baina, edonola ateratakoa, izan ere, gobernuak planteatzen duen Zergen %4aren eta Tasen %1aren arteko batez bestekoa da. Gauzak horrela, udal gobernuak bilatzen dituen diru-sarrerak bermatuta egongo dira baina pertsonen ahalegina gutxituz eta enpresena arinki igoz.

Zergei dagokienez, eta, zehazki, Ondasun Higiezinen gaineko Zergari dagokionez, EH Bilduk bere nahia mantendu eta berriro ere eskatu du 1.080 euro baino gutxiago kobratzen duten pentsionistek ezin dutela OHZagatik 100 euro baino gehiago ordaindu. Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak uste du “OHZean, oraindik ere, hobetzeko ahalmena dagoela. Horregatik, eta rlo honetan ere, etxebizitza hutsengatik” Foru Araudian jasota dagoen %50eko gainordaina aplikatzea eskatzen du koalizioak. Hala ere, “borondatezko” eta “zirkunstantzialen” arteko alderaketa egiten du, ez baita berdina nahita etxebizitza hutsik duenaren egoera edo, adibidez, nagusien-egoitza baten dagoen pertsonaren pisu hutsa.

Euskal Herria Bilduk gainera, tasa berri bat sortu nahi du: elektriken eta gasaren multinazionalen Aprobetxamendu Bereziarena. Larrionek dioenez, “diru-sarrerak galtzen ari gara, gero eta gehiago ari delako atzeratzen tasaren ezarketa. Gainera, tasa hau martxan dago jada beste herrialde batzuetan”.

Koalizio independentistak krisi klimatiko eta feministari aurre egingo dion zerga-sistema errealista bat erreklamatu du. Hori dela eta, hainbat proposamen egin ditu, hala nola, datorren Gasteizko Udalbatzan aurkeztuko duena eta erronka fiskalei genero perspektiba batetik erantzun nahi diona delarik. Udal gobernuak gai honetan eskatzen duen sentsibilitatea baino, guk erantzukizuna eskatzen dugu.

Zerga-sistema berdean ere aurrera pausoak eman nahi ditu EH Bilduk eta Larrionek dioenez, “Green den hiri batek, fiskalitate berdea ere behar du izan”. Horregatik Zuhaiztia Babesteko Tasa berri bat proposatu du (jada Vienan martxan dagoena). Honek, zuhaitz bat mozteko aurretik udalari baimena eskatu behar zaiola ezartzen du, eta behin baimen hori izanda, moz daiteke baina, betiere, beste bat landatzeko derrigortasunarekin.

EH Bilduk pertsonen eta enpresen arteko ekitatea bilatzen du. Era berean, gobernuak Zorro Dekretua ez aplikatu izana salatzen du koalizioak, ez baititu Prezio Publikoetara gehitu eta horrek udala bera segurtasun juridiko eza egoeran uzten duelako. Horrez gain, EH Bilduk zerga-sistema orekatu baten aldeko apustua egin nahi du nahiz eta arretaz ibiltzera behartuta ikusten duen bere burua, Herri-Dirubideen Euskal Kontseilua bildu arte.

 

ALBISTEAK

EH Bilduk ostalarientzako 600.000 euroko laguntza zuzenen funts bat sortzea proposatu du

2021-02-09 10:33:00

Rocio Vitero: "Terrazen tasaren salbuespen proposamena ez da nahikoa, alde batera uzten duelako terrazarik ez duen ostalaritzaren zatia, hain zuzen ere, kaltetuena. Sektore osora iritsiko diren laguntzak behar dira".

Miren Larrion: "Aldaialdek konponbide bat behar du lehenbailehen, eta EAJk ezin die familiei iruzur egiten jarraitu"

2021-02-08 12:23:00

Aldaialde HLHI eraikitzeko premiazko irtenbidea eskatu du EH Bilduk alkatearen agerraldian, ikastetxeko familiek gehiago itxaron behar ez izateko.

EH Bilduk Udalari eskatu dio Gizarte Zerbitzuetan dituen eskumenak bere gain hartzeko, atzerapenik eta luzapenik gabe

2021-02-04 10:39:00

Rocio Vitero: "Udalak bere gain hartu beharreko Gizarte Zerbitzuetako eskumenak atzeratzea onartezina da. 5 urte hauetan behin eta berriro egindako ez-betetzeek kalte zuzena dute zaurgarritasun egoera larrian dauden pertsonei eta adinekoei ematen zaien arretan".

Tuvisarako energia elektrikoa kontratatzeko %100 berriztagarria den energia soilik merkaturatzen duten enpresak bakarrik aurkeztu ahal izatea eskatzen du EH Bilduk

2021-02-02 12:09:00

Amancay Villalba: "Eskaera honek berretsi egiten du EH Bilduk berriztagarrien alde duen konpromisoa, izan ere, trantsizio energetikoa erraztuko duten mekanismo guztiak aktibatu behar direla sinetsita gaude".