Gasteiz

Albisteak

Udal gobernuaren arduragabekeriak eta utzikeriak bizikleta-lonjen proiektu bat aurrera eramatea eragotzi duela salatu du EH Bilduk


Proiektua, jada esleituta zegoena, Florida kaleko 28. eraikinerako pentsatuta zegoen, baina EIT negatiboa du, gobernuak, jabe nagusia izan arren, konpondu ez duena.

| 2021-02-15 11:20:00

EH Bilduk Urtaran gobernuaren utzikeria salatu du, titulartasun publiko edo partekatuko eraikinen mantentze lanetan. Kasu honetan, Florida kaleko 28. zenbakian dagoen eraikinean jarri du arreta EH Bilduk, non 2020an enpresa bati esleitu zitzaion bizikleta lonjen proiektua diseinatuta zegoen. Hala ere, 2018an EIT batek eraikinak zituen kalte eta afekzioak agerian jartzen zituen, egun, udalak oraindik konpondu ez dituenak. "Hau da Urtaranen gobernuaren etxebizitza-politika, ondasun publiko baten gainbehera ahalbidetzea birgaitzea zokoratzen duen bitartean. Oraingo honetan, udal gobernuaren utzikeriak bizikleta-lonjen proiektua aurrera eramatea eragotzi du eta, larriena, 6 etxebizitzari erabilera emateko aukera eragotzi ere", adierazi du EH Bilduko zinegotzi Felix Gonzalezek.


Aipatutako EITak -Eraikinen Ikuskapen Teknikoak- egitura bertikal eta horizontalean, estalkian, fatxadan, zimenduetan, itxituretan eta urak husteko sarean esku hartzeko beharra ebazten zuen. Gainera, jarduera "premiazkotzat" jotzen zuen EITak. Hala eta guztiz ere, udal-gobernuak, konpontzeko ez jarduteaz gain, bizikleta-lonjen proiekturako lokala egokitzeko lanak esleitzen ditu.


EITn aipatutako obrak egitearen ardura Gasteizko Udalarena da, eraikinaren jabe nagusia delako. "Udalak ez du inolako konponketarik egin eta, beste behin ere, bere ondare eraikia hondatzen utzi du. Bere betebeharrak alde batera uzten ditu, ehunka etxebizitza hutsik ditu, eta, horrela, bere funtzio soziala betetzeari uzten dio, azken batean, Etxebizitzaren Euskal Legea urratzen du. Hori bera, Gasteizko bizilagunei exijitzen dien bitartean", salatu du EH Bilduko zinegotziak, zeinek galdetu duen ere, "Zer egin nahi du horrekin? Bere ondarea eraistea eta esku pribatuetara eskualdatzea justifikatzen duen egoera batera eramatea eta/edo negozio pribatuaren alde egitea?".


EH Bilduk ez du etsiko bere eskakizunean, Urtaranen Gobernuari eskatzen dioudal ondareko etxebizitzen parke osoa erabilgarri jar dezan, birgaitzeko plangintza bat prestatuz eta alokairu babestuko etxebizitza publikoen parke batean progresiboki gehituz", adierazi du Felix Gonzalezek.