Gasteiz

Albisteak

TUVISAko autobusen maiztasuna berehala eta premiaz handitzea eskatu du EH Bilduk


EH Bilduren ustez, Eusko Jaurlaritzak ezarritako irizpideei jarraituz, segurtasun neurriak betetzeko maiztasuna handitzeko unea da. Bestela, EH Bilduk zinegotzi delegatuaren agerraldia eskatuko du.

| 2020-11-02 10:00:00

Azken egunotan, LABI Euskadiko Babes Zibileko Aholku Batzordeak koronabirusaren aurkako segurtasun-neurri berriak ezarri ditu. Besteak beste, garraio publikoetan puntako orduko pilaketak saihestea. Ildo horretan, uda aurretik, eta azken egunotan behin eta berriz, TUVISAko autobusen maiztasuna areagotzeko eskatu du EH Bilduk, batez ere ikastetxeetara eta lantokietara sartzeko eta irteteko orduetan.

 

Felix Gonzalez EH Bilduko zinegotziaren hitzetan, "osasun publikoko kontu bat da. TUVISAko autobusen maiztasuna handitu behar da, kutsatzeko arriskua handitzen duten pilaketak saihesteko. Urtaranen gobernuak irizpide ekonomikoak aitzakia moduan erabiltzeari utzi behar dio eta, behingoz, pertsonen segurtasuna bermatzearen alde lan egiten hasi behar da". Erreklamazio hori TUVISAko lineen erabiltzaileen artean ere errepikatzen ari da, eta herritarren postontzian islatzen ari dira.


EH Bilduk neurri hori eskatu du azken hilabeteetan, eta udal gobernuak egiten ez badu, Felix Gonzalez zinegotziak esan du Mugikortasun eta Espazio Publikoko batzordean TUVISAko presidentearen agerraldia eskatuko dutela.