AKTUALITATEA


| 2020-06-02 12:18:00

EH Bilduk hogei bat neurri aurkeztu ditu Jaiki Gasteiz planaren barruan, krisi soziosanitarioaren ondorioz sortutako behar eta lehentasun berriei aurre egiteko. EH Bilduk udalerriko hainbat eragile ekonomiko, sozial eta kulturalekin egindako bileren ondoren, egoeraren diagnostiko partekatua egin du.

"Hiriko eragile ekonomiko, sozial eta kulturalekin bildu ostean, diagnostiko partekatu bat egin dugu, eta lehentasunez jorratu beharreko hiru alderdi jaso ditugu: osasunaren defentsa, babes soziala eta suspertze ekonomiko eta soziala. Hori da EH Bilduren apustua, eta horregatik proposatzen dugu Jaiki Gasteiz Plana, aipatutako hiru alderdiak finantzatzeko 15 milioi euro bideratu nahi dituena", adierazi du Miren Larrion EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak.

Hain zuzen ere, Jaiki Gasteizen aurreikusitako lehen neurriak finantzatzeko 15 milioi euro bideratzea proposatu du EH Bilduk. 2,35 milioi euro osasunaren arloko jarduerak indartzeko, 6 milioi babes soziala handitzeko eta 6,65 milioi udalerriaren susperraldi sozioekonomikoa bultzatzeko.

Larrionen hitzetan, "Osasuna krisiaren muinean egon da, eta, ondorioz, Gasteizko Udalak inbertsioak handitu behar ditu arlo horretan". Ekipamendu egokirik ez izatea, distantzia fisikoko neurriak betetzeko udal espazioak egokitu beharra, pandemiaren eragin emozionala arintzeko neurriak edo gazteentzako udako jardueren programa bermatzea dira EH Bilduk proposatzen dituen neurrietako batzuk.

Gaixotasunaren bigarren olatu baten aurrean, EH Bilduk uste du prest egon behar dela eta norbera babesteko ekipamenduen hornikuntza bermatu behar dela milioi bat eurotik gorako inbertsioarekin. Halaber, inbertsioak egin behar dira udal-espazioak egokitzeko, gizarte-etxeak, eskolak edo udal-bulegoak egoera berrira prestatuz.

Haurrak, nerabeak, adinekoak eta buruko gaixotasunak dituzten pertsonak dira premia handiena duten kolektiboetako batzuk. Hori dela eta, pandemiaren ondorio emozionalei aurre egiteko talka-plan bat prestatu du EH Bilduk, zaintzak lehentasuna izan behar dutela ulertuta.

Gizarte-babesa handitzea da lehentasunezko beste alderdi bat. Horretarako, EH Bilduk AMUS laguntzak handitzea proposatu du, hiru milioi euroko inbertsioarekin, egungo prestazioaren zenbatekoa handitu ahal izateko eta aipatutako prestazioak eskuratzeko irizpideak malgutzeko asmoz. Halaber, EH Bilduren ustez, ezinbestekoa da Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua indartzea, Eguneko Zentroetako zerbitzua zabaltzea eta hobetzea eta gizarte-bazterketaren aurkako borrokan lanean jarraitzea.

Jaiki Gasteiz Planak, halaber, ekonomia suspertzeko beste bultzada bat emateko beharra jasotzen du, 6,5 milioi eurorekin. Autonomoei eta enpresa txikiei laguntzeko garaia da; izan ere, kasu askotan jarduera geldiarazi dute, eta EH Bilduk bi milioi eta erdi euroko inbertsioa proposatu du haiei laguntzeko. Enpleguari dagokionez, EH Bilduk erakunde eta elkarteetan enplegua mantentzeko eta aisialdiarekin lotutako gazteen enplegua sustatzeko laguntzak ezarri behar direla uste du.

Era berean, merkataritza eta ostalaritza egokitzeko eman beharreko laguntzen beharra jasotzen da, bai eta birgaitzeko laguntzak ere, Ensanche 21 Zabalguneak aurreko urteetan geldiarazitako laguntza-eskaerei berriro ekiteko deialdi baten bidez. Halaber, EH Bilduk uste du beharrezkoa dela sektore kulturala babestea eta produktu kulturalak erosteko bonoekin indartzea, baita sorkuntza eta erakusketa kulturala suspertzeko laguntzak ematea ere.