AKTUALITATEA


| 2023-04-19 11:48:00

Rocio Vitero EH Bilduren Gasteizko alkategaiak Oihaneder kultur sorkuntzarako gune bihurtzea proposatu du gaur goizean, 'Sortegia' izenaz ezagutuko dena. Viterok defendatu duenez, «Gasteizek ez du kultur sorkuntzaren ezinbesteko prozesurako espaziorik. Gure hirian kultura bizi eta indartsu bat nahi badugu, artistei ondoren gozatuko dugun eskaintza kultural hori sortzeko espazioak eskaini behar dizkiegu. EH Bildun uste dugu Oihanederrek eskaera horri erantzun diezaiokeela eta 'Sortegia' hori har dezakeela».

EH Bilduk Oihaneder kulturgune, sorkuntzarako eta diziplina anitzeko produkziorako gune eta espazio malgu, ireki eta parte-hartzaile gisa sustatzearen alde egiten du. «Leku honen ahalmen guztia kultura-jardueraren esku jarri nahi dugu. Kulturaren sektoreak beti salatu izan du erakundeen babesa prozesuaren amaiera gerturatzen denean bakarrik iristen dela, eta ez sorkuntza-fasean. Eta sorkuntza fase hori gabe ez dago kulturarik. Beraz, Udalak gehiago eskaini behar du», ziurtatu du Viterok. Gainera, adierazi duenez, «orain arte, Udala jarduerak programatzera eta haientzako espazioak eskaintzera mugatu da, eta ondo dago, baina ez da nahikoa. Udalak dinamizatzailea, animatzailea eta laguntzailea izan behar du prozesu osoan zehar, fase sortzailetik hasita eta azken produkturaino. Are gehiago Gasteiz bezalako hiri batean, non kultura-sektore publiko eta pribatu oso anitza eta aberatsa dugun».

Oihanederrek kultur eragileen arteko topaleku izan behar du. Pertsona sortzaileak, taldeak, kultura- eta sormen-industria, erakundeak eta herritarrak elkartzeko lekua. Sorkuntzarako espazio bizia, aukera berriak martxan jartzea ahalbidetuko duena. Oihanederrek Sortegi bihurtu behar du, bere izenak dioen bezala, sorkuntzarako leku. Entzuteko eta diagnostikatzeko ariketa baten bidez, zentroa zer eta nolakoa izango den definituko litzateke, kultura-eragileekin lankidetzan. Espazioen erabilera definitzeaz gain, horiek kudeatzeko modua ere definituko duen prozesua, kudeaketa irekiago eta parte-hartzaileago baten alde eginez. Oihaneder kultura anitzeko gune ireki, erabilgarri eta erreferentzia bihurtu nahi dugu kulturarentzat.

Bestalde, Xabier Ruiz de Larramendi EH Bilduko zinegotziak adierazi du EH Bilduk egoki ikusten duela gutxienez sei printzipio kontuan hartzea entzuteko eta diagnostikatzeko. Lehenik eta behin, diziplina bakoitza eta diziplina horren beharrak eta berezitasunak hartu behar dira kontuan. Baliabideen kudeaketa ere hor dago, ezinbestekoa baita Udalak kultur jardueraren esku jar ditzakeen espazio eta bitartekoen zerrenda eguneratzea; izan ere, EH Bilduk zentro berria udal baliabideen sare baten parte gisa irudikatzen duenez, «baliabide berriak definitu behar dira, hala nola, sorkuntza plastikoko tailerrak, soinu-estudioak, argazki-ekipoak erosi eta maileguan uztea, entsegu-lekuak, edizio-aretoak ...».


 

Hirugarrenik, proiektuen bizikidetzari erreparatu beharko zaio, baita gure ingurune hurbilean (Bilbo, Donostia, Andoaingo Dínamo, Oreretako Lekuona) interesgarriak diren proiektu eta jarduketekiko osagarritasun- eta sinergia-alternatibak izateko aukerari ere. Kultura-lanaren karakterizazioa izango da beste printzipioetako bat, eta sortzaileak zaintzea ere bai, kontuan hartuta beken, egoitzen eta sektoreari laguntzeko antzeko moduen beharrak, pertsona sortzaileen prekarizazioan sakondu gabe. Azkenik, kontuan hartu behar da hartzaileen edo publikoaren aniztasuna (bisitariak, parte-hartzaileak, espezialistak).