Gasteiz

Albisteak

Murrizketak ekiditeko, diru sarrerak indartzea eskatu du EH Bilduk


Miren Larrion EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak erreforma fiskal progresiboa eta justua eskatu du, baita EJZren igoera progresiboa eta, lurzoruaren erabileragatik, argindar eta energia enpresei aplikatu beharreko tasa bat ere.

| 2020-09-15 10:40:00

EH Bilduren ustez, ezinbestekoa da udalen diru-sarrerak indartzea; izan ere, pandemiak sortutako egoera zaila dela eta, botere publikoei dagokie arduraz jokatzea eta egungo egoerak pertsonengan izan ditzakeen ondorio kaltegarriak arintzea. Miren Larrion Gasteizko EH Bilduren bozeramaileak esan duenez, "pertsonen alde ekiteko unea da, eta, ahal den neurrian, COVIDak eragin dituen kalteak arintzeko unea da, bai emozionalki, bai ekonomikoki. Horregatik, udal aurrekontuan murrizketak saihesteko, diru-sarrerak indartu behar dira".

Horretarako, bozeramaileak azpimarratu du EH Bilduk behin baino gehiagotan errepikatu duen eskaera bat aplikatu behar dela: elektrizitate- edo energia-enpresa handiei tasa ezartzea lurzorua erabiltzeagatik. Bestalde, EH Bilduren ustez, inflazioa negatiboa izanda, gainerako tasetan ez da igoerarik aplikatu behar. Eta, gainera, positibotzat joko luke EH Bilduk ostalaritza-sektoreari eragiten dioten tasetan hobariak ematea.

Zergen alorrean, urtean milioi bat euro baino gehiago fakturatzen duten enpresei EJZ mailaz maila igotzea eskatu du EH Bilduk. Beste zerga bati buruz, OHZri buruz, uste du ez dela igotzeko unea, Larrionen ustez, "orain ez baita pertsonen eta familien egoera ekonomikoa gehiago kargatzeko garaia".

Halaber, EH Bilduk erreforma fiskal bat ere eskatu du, besteak beste, Arabako Foru Aldundiak ATEFFen bidez udalerriei ekarpenak murrizteko hartu duen aldebakarreko erabakiari aurre egiteko. Larrionen esanetan, erreforma fiskal hori bidezkoa eta progresiboa izan behar da, "gehien dutenek gehiago ordain dezaten".