Gasteiz

Albisteak

Miren Larrion: “Gasteizko Udalak diru-sarrerak handitu behar ditu murrizketak ekiditeko”


EH Bilduk positibotzat jo du enpresa elektrikoei ezarriko zaien tasa berriaren gehitzea, baina udal gobernuari eskatu dio azal dezala gehikuntza berriak utziko duen aurrekoentuen agertoki berria.

| 2020-09-23 13:28:00

EH Bilduren ustez, posible eta ezinbestekoa da Gasteizko udalaren diru-sarrerak handitzea eta egungo egoeran fiskalitate aurrerakoia bultzatzea. Argi dago pandemiak eragindako egoera zail honetan, udalaren diru-sarrerak indartzen ez badira, alternatiba bakarra aurrekontuan murrizketak egitea izango dela. "Azken urteotan gobernuak uko egin dio fiskalitate progresibo baterantz aurrera egiteko diru-sarrerak indartzeari. Orain berandu datoz. Baina argi dago, murrizketak ekidin nahi badira, diru-sarrerak handitu eta indartu beharko direla", adierazi du Gasteizko EH Bilduko bozeramaile den Miren Larrionek.


Horren harira, EH Bilduk uste du posible dela diru-sarrerak handitzea gasteiztarrak kargatu gabe, herritarren egungo egoeraz jabetu beharra baitago. Hori dela eta, Miren Larrion pozik agertu da argindar enpresen tasa berria sartzeagatik, hain zuzen ere, EH Bilduk azken urteotan eskatu duena baita. "Pozik gaude gobernuak hausnartu duelako eta, azkenean, argindar enpresa handiei lurra erabiltzeagatik EH Bilduk eskatutako tasa sartu duelako. Baina gobernuak ez dezala bere burua engainatu: hau ez da txeke zuri bat. Anbizio handiko tasa izatea nahi dugu, eta aztertu egingo dugu", esan du Larrionek.


Era berean, EH Bilduk uste du Udalak dituen diru-sarrerei erantzun behar diela. Hori dela eta, EH Bilduk gobernuak eskatu dio azal dezala zein izango den bere proposamen fiskalaren berritasunak jasoko dituen aurrekontua.


Azkenik, EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak eskatu du ordenantzen proposamenari zuzenketak aurkezteko epea (urriaren 16a) egun batzuk atzeratzeko; izan ere, urriaren 15era arte Arabako Foru Aldundiak ez ditu jakinaraziko FOFELen diru-sarrerak, eta, horrela, proposamenak egokitu ahal izango dira.