Gasteiz

Albisteak

Miren Larrion: "Aldaialdek konponbide bat behar du lehenbailehen, eta EAJk ezin die familiei iruzur egiten jarraitu"


Aldaialde HLHI eraikitzeko premiazko irtenbidea eskatu du EH Bilduk alkatearen agerraldian, ikastetxeko familiek gehiago itxaron behar ez izateko.

| 2021-02-08 12:23:00

Gaurko Lurralde Batzordeak EH Bilduk eskatu duen Aldaialde HLHIari buruzko azalpenak emateko alkatearen agerraldia hartu du, baita ikastetxeko familiek eskatutako txanda herrikoia ere. Urtaranen gobernuak eta EAJko Hezkuntza sailburuek Aldaialdeko familiei egindako "engainuak" salatu ditu Miren Larrion Gasteizko EH Bilduko bozeramaileak. Gainera, premiazko irtenbidea eskatu du Larrionek Aldaialde Ikastetxea behingoz eraiki dadin.

 

"Bost urte daramatzate familiek ikastetxe baten zain, eta EAJk kea baino ez du saldu. Lehenik ADIF-i egotzi zenioten errua, gero baimen baldintzatua atera zenuten mahukatik, nahiz eta zuek bazenekiten ez zenuela balio. Azkenik, geratu dena bere engainuak dira, EAJk Aldaialdeko familiei egindako engainuak", salatu du Gasteizko EH Bilduko bozeramaileak, eta, aldi berean, ikastetxe honentzako premiazko irtenbidea eskatu du.

 

Bost urte hauetan, udal gobernuak ez dio afera honi beste irtenbiderik bilatu, eta ez du ADIF-ekin adostutako irtenbiderik bilatu obrak berme juridikoekin hasi ahal izateko; EH Bilduk aukera hori aztertu behar dela defendatu izan du maiz. Era berean, Larrionek adierazi du "okerrena, gaur egun, Aldaialde eraikitzeko eta martxan jartzeko inolako ziurtasunik ez dagoela".