Gasteiz

Albisteak

Martxoaren 3ko eliza: hor eta orain


Miren Larrion, EH Bilduko bozeramailea Gasteizko Udalean

| 2021-02-10 11:51:00

Martxoaren 3an 45 urte beteko dira Gasteizko herritarrak hunkitu zituen sarraskitik. 45 urte poliziak langileen batzar bat tiroz lehertu zuenetik. Duintasuna, ahanzturaren aurako etengabeko borroka eta justizia egiteko 45 urte. Denbora horretan, langileen borrokak, erakunde hasiberriko erakundeak, sortutako elkartasun sareak edo eskubide sozial, ekonomiko eta politikoen defentsa lehen pertsonan kontatzen duten ahotsak galtzen ari gara. Azkena, duela egun gutxi, Jesús Fernández Navesena agortu zen.

1976ko martxoaren 3an odolez grabatua dago hiri honen memorian. Baina hiri hori bera zorretan dago eta lan egin behar du historiatik ez ezabatzeko, gertatu zena ez ezik, zergatik ere. Gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldiei zehaztu behar diegu milaka pertsona haiek zergatik atera ziren kalera euren eskubideen alde borrokatzera. Azaldu behar dugu zergatik lehertu zuten asanblada bat kezko poteak eta balak erabiliz, eta ordudanik egin den lan nekaezina kontatu behar dugu, egiaren, justiziaren eta erreparazioaren bila.

Lehen urte haietatik, herriak ez du ahaztu. Monolito bat jartzeko hainbat saiakera huts egin ondoren, harik eta hamargarren urteurrenean Pedro Mari Martínez Ocio hil zuten toki berean bost barradun ukabila jartzea lortu zuten. Gero beste monumentu batzuk eta arte eta horma lanak iritsiko ziren. Hori guztia, musikak, zinemak edo literaturak martxoaren 3ko memoriari lau hamarkada hauetan egin dioten ekarpena ahaztu gabe.

Baina oraindik urrats bat falta da. Ezinbestekoa da Asisko San Frantzisko eliza, arratsalde tragiko haren eszenatokia, oroimenerako zentro bihurtzea. EH Bilduk proposamen hori egin zuen 2011n, eta orain, eliza kulturako itxita dagoenean, aldarri horrek are zentzu handiagoa du. Norbaitek imajinatzen du holokaustoaren oroimen-zentroa Auschwitzen ez egotea? Edo 27 urtez Nelson Mandela hartu zuen penala orain apartheidari buruzko zentro museo bat ez izatea? Nola azal liteke orain Martin Luther King hil zuten Memphiseko motel hura museo bat ez izatea? Eta hain urrun joan gabe, nola ez zuen gogoratuko Gernikak bere bonbardaketa?

Oroimenaren zentroei buruzko adibide asko daude munduan zehar. Eta horietako askok badute zerbait berezia: gertaerak eman ziren leku berean kokatzen dira. Horregatik, Gasteizek ez du aukera galdu behar., Peña Ganchegui arkitektoak diseinatuateko Asisko San Frantzisko eliza monumentu arkitektonikoa da berez. Baina haren paretak eta leihoak oraindik sarraski horren lekuko mutua dira. Izan ere, oraindik bala-zuloak ikus daitezke.

Hori dela eta, Asisko San Frantzisko eliza martxoaren 3ko oroimenerako eta data horri dagokion orotarako zentro bihurtzeko prozesua abian jarri behar da, luzatu gabe. Lehenik eta behin, Apezpikutzak, erakundeekin lankidetzan, beharrezkoa bada, egun hartzen duen jaiotzen erakusketarako beste leku bat bilatu behar du. Ez dugu zalantzarik erakusketa horrek duen interesaz, baina uste dugu uko egin diezaiokeela orain duen leku berezi eta esanguratsu horri.

Hortik aurrera, memoria lantzen duten mugimenduekin eta, batez ere, biktimekin lankidetzan, memoriaren zentro horren edukiak definitu behar dira, baita haren kudeaketa ere. EH Bildutik zentro dinamiko eta didaktiko baten alde egiten dugu, arrazoiak, gertaerak eta ondorioak azaltzeko balio duena eta askotariko jarduerak garatzeko aukera emango duena (hitzaldiak, proiekzioak, formatu txikiko jarduerak…).

Publiko orori zuzendutako zentroa: hemen bizi direnei eta gu bisitatzen gaituztenei; bertatik bertara bizi izan zirenei eta 1976ko martxoaren 3an zer izan zen eta zer esan nahi duen ez dakitenei. Bienvenido Pereda, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Pedro Mari Martinez Ocio eta José Castillo eraildakoek merezi dute. Balaz zauritutako ehun pertsona baino gehiagok merezi dute. Gasteizek merezi du. Haien izenak eta borroka ahanzturan gera ez daitezen.