Gasteiz

Albisteak

Lan-jazarpenaren aurkako udal barne protokoloa berrikustea eskatu du EH Bilduk


Txakurtegian jazotako gertaeren eta Atarian berriki ezagututakoen ondorioz, EH Bilduk protokoloa berrikustea eskatuko du, baita berdintasun eta giza baliabideen arloetako arduradun politikoen agerraldia ere.

| 2020-11-27 12:47:00

EH Bilduk salatu duenez, udal-eskumeneko espazioetan emandako bi gertakari larriren ondoren, Gasteizko Udalean laneko, sexu-jazarpenaren, jazarpen sexistaren edo sexuan oinarritutako jazarpenaren eta sexu-orientazioaren edo genero-identitatearen eta -adierazpenaren aurkako prebentzio- eta jarduera-protokoloak huts egin duela agerian geratu da. Hori dela eta, EH Bilduk protokoloa berrikustea eta aplikatzea eskatu du. "Zerbait huts egiten ari da: protokoloa idatzita dagoen bezala ez da nahikoa, edo ez da aplikatu beharko litzatekeen bezala aplikatzen ari. Edo protokoloak huts egiten du, edo haren aplikazioak huts egiten du. Bi kasuetan emaitza berdina da: Udalak kale egin die lantokietan jazarpen kasuak edo erasoak jasan dituzten emakumeei", adierazi du Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak.

 

Era berean, Villalbak esan du berdintasun zinegotziaren eta giza baliabideetako zinegotziaren agerraldia eskatuko duela EH Bilduk, "zerk huts egin duen jakiteko, argitzeko eta erantzukizunak har ditzaten eskatzeko, eta hori berriro gerta ez dadin hartu beharko genituzkeen neurriak identifikatzeko".


Azken hilabeteetan, erreklamazio hori eragin duten bi gertakari larri ezagutu dira. Alde batetik, duela urte erdi, argitara atera zen txakurtegiko zenbait boluntariok espazio horretako langile baten aurka jarritako salaketa. "Une hartan, udalak ez zien sinetsi salaketa jarri zuten emakumeei, eta, beraz, ez zuen hasieratik jardun. Hau onartezina da", esan du Iratxe Lopez de Aberasturi EH Bilduko zinegotziak.


Baina, gainera, atzo bertan, beste emakume batek, Atarian (CEA-IGIk kudeatutako espazioa) lan egiten zuenak, sexuagatiko jazarpena eta osasunaren babesgabetasuna salatu zituela jakinarazi zen. "Hala ere, Udalak beste alde batera begiratzen zuen, berriz ere ez zion sinesten emakume horri, eta jazarpen-protokoloa ere ez zuen martxan jartzen. Eta horregatik gaude gaur hemen, emakumeak sinesten ditugula eta horrelako kasuak errepika ez daitezen beharrezko tresnak jarri nahi ditugula esateko", adierazi du Lopez de Aberasturik.