Gasteiz

Albisteak

Iturritxu kalean 30km/h-ko gehienezko abiadura ezartzea eskatzen du EH Bilduk


Felix Gonzalez: “Behin eta berriro adierazi dugu Gasteiz 30 Hiria izateko beharra, eta eskari honek indarra hartzen du Iturritxu bezalako kaleetan, non trafiko dentsitatea oso handia den eta kalea auzotar askorentzat pasabide”.

| 2020-11-04 11:55:00

EH Bilduk Iturritxu kale osoan zehar, 30 km/h-ko muga ezartzea eskatuko du Mugikortasun eta Espazio Publikoko hurrengo batzordean. Felix Gonzalez zinegotziaren esanetan, bide horretan lehentasuna oinezkoen segurtasuna bermatzea da, "ikasleentzako pasabide bat da eta oinezkoen segurtasuna bermatu behar da; horregatik, oinezkoei lehentasuna ematea ezinbestekoa dela uste dugu. Neurri horrekin batera, beste neurri batzuk ere hartu beharko lirateke, hala nola espaloiak zabaltzea, zuloguneak edo zebra-bide gehiago ezartzea, adibidez".

Horrela, abiadura murrizteaz gain, gidatzeko modua baretuko litzateke ere, eta, batez ere, bizilagunek duten beldurraren sentsazioa murrizteko eta segurtasun areagotzeko helburua dauka. “Eztabaida ibilgailu pribatuaren eta trafikoaren parametroetan ezarri nahi dute, baina lehentasuna auzotarren eta oinezkoen segurtasuna bermatzea da”, adierazi du Felix Gonzalezek.

EH Bilduren ustez, ezinbestekoa da neurri horiek edo ezarriko diren beste batzuk auzokoekin adostuta egotea. Hala eskatu dute auzotarrek, eta, aldi berean, ezohiko eta premiazko Auzogune bat eskatu dute, auzoan berehala ezarri behar diren neurriak udalari helarazteko.

EH Bilduk errefusatu egin du hirugarren errail bat irekitzeko modua eta formula hori ezin dela lau errail ezartzeko hasiera bihurtu. Gainera, gobernuak ezarritako hirugarren errail horren bitartez abiadura muga 30km/h-koa izatetik, 50km/h-koa izatera iragan da. EH Bilduk udal gobernuari eskatu dio obra iragankorra dela onartzeko. Hau da, auzoan egiteke dauden obrak amaitzean, egoera berrikusi eta aztertuko da, auzotarrekin lankidetzan.

Iturritxun 30 km/h-ko muga ezartzea da EH Bilduren helburuetako bat, Gasteiz 30 Hiria bihurtzeko azken helburuari begira. "Behin eta berriz eskatu dugu abiadura 30km/h-ra mugatzea hiri osoan. Hiri eredu iraunkor eta seguru baterantz jo behar dugu, non oinezkoak, bizikletak eta garraio publikoak, ordena horretan, ibilgailu pribatuaren aurrean espazioa irabaziko duten", azaldu du EH Bilduko zinegotzi Felix Gonzalezek.