Gasteiz

Albisteak

Gasteizko ehun sozioekonomikoa bultzatzeko Kontingentzia Plana aurkeztu du EH Bilduk


Merkataritza eta ostalaritza, turismoa, kultura eta enplegua dira EH Bilduk aurkeztutako Kontingentzia Planak ardatz dituen lau ildo estrategikoak, hiriko ehun sozioekonomikoa bultzatzeko helburuarekin.

| 2020-10-06 10:15:00

EH Bilduk, udal gobernuaren ekintza ezaren aurrean, kontingentzia plan bat aurkeztu du Gasteizko ehun sozioekonomikoa bultzatzeko helburuarekin. Plan horrek lau ekintza-ildo estrategiko biltzen ditu aipaturiko ehun sozioekonomikoan: Merkataritza eta ostalaritza, turismoa, kultura eta enplegua. Miren Larrion EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak adierazi duenez, "herritarrak babesteko teloia edo pertsiana jaistera behartuta egon ziren pertsonei babesa emateko unea da. Horregatik, 5 milioi euroko COVID Funtsa eskatzen dugu, espazio publikoa berrantolatzeko, trantsizio digitala egiteko eta pandemia honek gehien kaltetu dituen sektore ekonomikoak berreskuratzeko. Konponbideak eskaintzeko eta Gasteizko ehun sozioekonomikoa indartzeko unea da".


Pandemiaren ondorioz, merkataritzaren eta ostalaritzaren egoera "kritikoa" izan dela, eta, oraindik ere badela, uste du EH Bilduk. "Araudien etengabeko aldaketak, irizpide-aldaketetara egokitzeak, edukiera-mugek eta kontsumo-eredu berriek are gehiago larriagotzen dute bi sektoreen egoera. Arlo honetan nahasmen gehiago ekiditeko, sektoreari Arreta eta Aholkularitza Bulegoa sortzea eskatzen dugu EH Bildutik", eskatu du Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak.


EH Bilduk merkataritzara bideratutako neurrien artean, Viterok pandemiarekin lotutako galera ekonomikoak dituzten enpresei zergak eta tasak zatikatzeko aukera ematea proposatu du, fakturazioa aurreko urtearekin alderatuta %40 edo gehiago murriztu den lokal guztietan. Merkataritza sustatzeko ildo horretan, merkataritza suspertzeko bonuak eta tokiko eta gertuko merkataritzaren mapa interaktibo eta eguneratua sortzeko proposatu ditu EH Bilduk.

Pandemia horrek, gainera, agerian utzi du espazio publikoa pertsonentzat berreskuratzeko beharra. Berreskurapen hori, aldi berean, aukera bat da merkataritzarentzat eta ostalaritzarentzat, egungo egoera berezi honetan. "EH Bilduk ulertzen du terrazen ordenantza malgutzeko eta errealitate berrira egokitzeko unea dela. Hori bai, betiere espazio publikoan pertsonen lehentasuna bermatzea lehenetsiz", adierazi du Viterok, sektorearen eskaerak arintzeko ostalaritzan eragin zuzena duten sailak indartzeko beharra azpimarratzeaz gain.

 

Turismoaren arloan, EH Bilduk udalaren webgunetik espazio bat eta sarbide bat eskaintzeko eskatzen du azken bi urteetan hiriaren turismoari lotutako zerbitzuak eskaini dituzten enpresa guztiei. Horrela, hauen jardueraren doako erakusleiho bat bilakatu daiteke, eta herritarrentzat informazioa eskuratzeko pizgarri bat ere.

 

Kultura, funtsezko ondasuna izateaz gain, ehun sozioekonomikoa bultzatzera bideratutako kontingentzia-plan honen ildo estrategikoetako bat ere bada. Hori dela eta, EH Bilduk kultur produktuak kontsumitzeko bonoak proposatu ditu, eta Artea Km0 ekimena ere aurkeztu du. Ekimen horrek kultur erakundeak eta kultura sortzeko bekak biltzen ditu.

 

Enplegua babestea

EH Bilduk, gainera, hainbat neurri azaldu ditu herritarren kezka handienetako bati lotua, enpleguari, alegia. EH Bilduk nabarmendu du beharrezkoa dela udalak eskaintzen duen e-learning prestakuntza bultzatzea, bai eta autonomoei eta enpresa txikiei laguntzak ematea ere, jarduera nabarmen mugatu edo itxi behar izan dutelako. Era berean, Larrionek azaldu duenez, "enpresa txikiek edo negozioek, baldin eta diru-sarreren %40tik gorako galerak izan badituzte, laguntza espezifikoen lerro bat eskuratu ahal izango dute enplegua mantentzeko, behin ABEEn indarraldia amaituta".