Gasteiz

Albisteak

Gasteizen Adinekoentzako Behatokia sortzea eskatu du EH Bilduk


Rocio Vitero: "Behatoki bat martxan jartzea eskatzen dugu, behar berriak antzemateko, prebentzioan proposamenak egiteko eta zaintzen politiketan hobekuntzak sustatzeko".

| 2020-11-03 10:25:00

EH Bilduk Adinekoen Behatokia sortzeko eskatuko dio Gasteizko osoko bilkurari, mozio baten bidez, haien arreta zaintzeko eta aholkularitza eta defentsarako gune bat eskaintzeko. Rocio Vitero Gasteizko EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, " udalaren erantzukizunaren barruan gune independentea izan behar du, eta gure udalerriko adinekoen ezagutza eguneratua izan behar du".


Adinekoen Behatokia azterketarako, txostenak, azterlanak eta eztabaidak egiteko, ekarpenak jasotzeko eta Udalak eta hiriko adinekoek elkarrekin lan egiteko gunea izan behar du EH Bilduren iritziz. Adineko edozein pertsonak bere beharrak, zalantzak eta kezkak planteatzeko erreferentzia gisa izan dezakeen espazioa. Gasteizko adinekoen arretarako politikak hobetzeko behatoki bat, alegia.


"Behatokiak adinekoei arreta integrala emateko lekua izan behar du, udalean hartzen diren erabakiak betetzen direla bermatzeko kontrol-tresna izan behar du, eta bi baldintza bete behar ditu: adinekoei arreta emateko politikak hobetzea eta pertsonekin lan egiteko bidean aurrera egitea, eta ez soilik pertsonentzat", nabarmendu du Viterok.


"Erronka hemen dugu, ez dugu itxaron behar", azaldu du OMEk zahartzeari buruz. Horregatik, egoera berri baten alde egin behar da, non pertsonak eta haien bizi-kalitatea politika publikoen erdigunean egongo diren. "Bizi-kalitatea hiriko proiektu gisa", zehaztu du EH Bilduko zinegotziak.