Gasteiz

Albisteak

EH Bilduk VG Biziz zerbitzuaren ordenantza hobetzen eta aberasten duten zuzenketa sorta aurkeztu du


17 emendakinak egiteko orduan, EH Bildu harremanetan jarri da Gasteizen bizikleta bidezko mugikortasunaren alde lan egiten duten eragileekin eta egun eztabaidatzen ari den ordenantza hori, aurrerantzean, haiekin kontrastatzen jarraitzea eskatzen dio udal gobernuari.

| 2020-09-16 11:36:00

Gasteizko Udala VG Biziz bizikletentzako aparkaleku seguruaren zerbitzua erabiltzeko baldintzak arautzen dituen ordenantza-proiektua prestatzen ari da. EH Bilduk zuzenketa sorta bat aurkeztu du, Amancay Villalba Gasteizko EH Bilduko zinegotziaren arabera, "ordenantza arautzaile hau hobetu eta aberasten dutena, eta txirrindularien beharrak eta kezkak kontuan hartzen dituena, hain zuzen ere, bizikletek espazio publikoan lehentasuna izan dezaten, motordun ibilgailu pribatuaren kaltetan".


Ordenantza arautzailearen proiektuak egutegi bat dauka, gaur egun udal talde politikoei ireki zaiena, ezarritako epearen barruan zuzenketak aurkez ditzaten. EH Bilduk modu aktiboan lan egin du ordenantza hobetzeko eta aberasteko zuzenketak proposatuz, eta bizikleta bidezko mugikortasunaren aldeko apustu sendoa egin du.


Aurkeztutako zuzenketen edukiek lagundu egiten dute balizko erabiltzaileen errealitateari erantzungo dion zerbitzu bat sortzen. Nabarmentzekoa da erabiltzaileek mugikortasun aktibo, jasangarri eta seguruari egiten dioten ekarpena, eta, horregatik, erraztu egin behar da 16 urtetik gorakoek zerbitzu hori erabili ahal izatea, erabiltzailearen eta udalaren arteko komunikazioa hobetzea edo beren ardurapean adingabeak dituzten pertsonek familiako kide guztientzako zerbitzu bat erabili ahal izatea.


Askotan adierazi du EH Bilduk mugikortasun-ordena modalaren alde egin duela, mugikortasun aktiboa (oinezkoak eta bizikletak) ibilgailu pribatuaren aurrean lehenesteko. Halaber, bizikletaren erabilera bultzatu behar dela esan du, ibilbide seguruak bilatuz, bidegorri sarea areagotuz, bidegorri funtzionalen eta hirian zehar bizikleten sareak sortuz. Azken kasu horretan, EH Bilduk uste du are beharrezkoagoa dela auzo zaharretan egitea, erabiltzaileei aparkaleku seguru bat eskaintzeko.


Hala ere, EH Bilduk berretsi du hori gauzatzeko ez dela nahikoa araudi bat egitea; izan ere, "borondatea behar da, eta hori aurrekontu-zuzkidura nahikoan islatu behar da, gure hirian bizikletaren erabilera hobetzeko ekintzekin batera, eta gure hiriak bizikletaren erabilerarako duen potentziala ahalik eta gehien erabiliz", adierazi du Villalbak.


Ildo horretan, EH Bilduk uste du VG Biziz tresna baliagarria izan daitekeela gure hirian bizikleta nagusi izango den helburura aurrera egiteko. Horregatik, zerbitzu hori arautzen duen ordenantza hobetzearen alde egin du, 17 zuzenketa aurkeztuz, txirrindularien beharrak eta kezkak kontuan hartuko dituen ordenantza arautzaile bat sortzeko. Horregatik, zuzenketak egiteko orduan, EH Bildu harremanetan jarri da gure hirian bizikletaren alde lan egiten duten agenteekin, hala nola bizikleteroekin, eta ordenantza hori haiekin kontrastatzeko eskatu du.