Gasteiz

Albisteak

EH Bilduk Udalari eskatu dio Gizarte Zerbitzuetan dituen eskumenak bere gain hartzeko, atzerapenik eta luzapenik gabe


Rocio Vitero: "Udalak bere gain hartu beharreko Gizarte Zerbitzuetako eskumenak atzeratzea onartezina da. 5 urte hauetan behin eta berriro egindako ez-betetzeek kalte zuzena dute zaurgarritasun egoera larrian dauden pertsonei eta adinekoei ematen zaien arretan".

| 2021-02-04 10:39:00

EH Bilduk hurrengo udal osoko bilkuran mozio bidez eskatuko du Udalak eta, zehazki, Udal Gobernuak gizarte zerbitzuen arloan dituen eskumenak gauzatu eta bere gain har ditzala, luzapen gehiagorik gabe. "Udalak bere gain hartu beharreko Gizarte Zerbitzuetako eskumenak atzeratzea onartezina da. 5 urte hauetan behin eta berriro egindako ez-betetzeek kalte zuzena dute zaurgarritasun egoera larrian dauden pertsonei eta adinekoei ematen zaien arretan. Gizarte Zerbitzuetan dituen eskumenak behingoz bere gain har ditzala eskatzen diogu Gobernuari", adierazi du Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak.


EH Bilduk abenduan salatu zuenez, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak sinatutako akordio berriak beste atzerapen bat zekarren Gizarte Zerbitzuetako lau arlo nagusietan. Eta larriena da, gainera, atzerapen horrek ondorio larriak ekarriko lituzkeela udal-ekonomiarentzat, milioi bat euro baino gehiago sartzeari utziko baitio eta, bestetik, adinekoentzako 139 egoitza-plaza publiko kenduko baitira. Hori dela eta, EH Bilduk Udal Gobernuari eskatuko dio, eskumenen azken banaketan, bereziki zaindu ditzala adinekoen arretarako guneak, hala nola San Prudentzio Egoitza eta Etxeko Laguntza Zerbitzua.


Halaber, udalbatzari eskatuko dio Arabako Foru Aldundiari eska diezaiola Zorroari eta Zerbitzuei buruzko Dekretua osorik bete dezala, eta gizarte-zerbitzuen arloko eskumenak berrantolatzean esleitu zaizkion zerbitzuak bere gain har ditzala.

 

Gizarte Zerbitzuen Legea geure egiteko unea da, berriro ere berrikuntza eta gizarte zerbitzuen aldeko apustuari berriro helduta. Berriro ere erreferente izan behar dugu pertsonei eskainitako arretan. Eskumen banaketa honen atzean pertsona eta errealitate oso anitzak daude, lankidetza itun honekin luzatzen ari den erantzun instituzional bat jaso behar duten pertsonak”, salatu du Viterok.