Gasteiz

Albisteak

EH Bilduk udal diru-sarrerak handitzea eta errenta baxuenak babestea eskatu du


Larrion: "Beharrezkoa da ordenantzen progesibotasunean sakontzea, are gehiago egungo egoeran, non kaltetuenak denda txikienak eta errentarik baxuenak dituzten pertsonak izaten ari diren".

| 2020-10-15 11:51:00

EH Bilduk 50 zuzenketa aurkeztu ditu, gehi izaera orokorreko bi. Miren Larrion udal taldeko bozeramaileak esan duenez, fiskalitateari buruzko eztabaida bere osotasunean jorratu behar da, ordenantzen progesibitatea azpimarratuzeta udalen diru-sarrerak handitzeko. "Azken urteotan, EAJk eta PSEk uko egin diote diru-sarrerak indartuko zituen fiskalitate progresibo bat bultzatzeari, eta udalaren finantza-egoera ahuldu dute PPrekin behin eta berriz egindako akordioen ondorioz. Ezin dute akats berberak egiten jarraitu, udalaren diru-sarrerak handitu behar dira, errenta baxuenak dituzten pertsonak babestuz", esan du Larrionek, zeinek gobernuak EH Bildu tasa, energia eta argindar konpainiek lurraren erabileragatiko tasa, aintzat hartu izana txalotu duen.

Zergen arloan, EJZ, legeak baimentzen duen gehienekotik oso urrun dago oraindik ere, Donostian eta Bilbon ez bezala. Hori dela eta, EH Bilduk zerga igoera progresiboa eskatu du alor honetan datozen hiru urteetarako, legealdiaren amaieran legez aplikatu daitekeen gehienezko 2,2ra iritsiz.

Ondasun Higiezinen gaineko Zergari (OHZ) dagokionez, eta diru-sarrerak handitze aldera, EH Bilduk etxebizitza hutsei errekargu bat ezartzea eskatzen du, non foru arauak gehienezko %50eko ezartzen duen. Zerga horren inguruan ere, EH Bilduk eskatu du Eliza Katolikoari bere ondasunengatik kobratzea. EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, "ogasun sailaren kalkuluen arabera, Elizari 257,000 euro 'barkatzen' zaizkio urtean, hau da, milioi bat euro legealdi bakoitzeko gutxienez. EH Bildutik, Elizari OHZ kobratzea eskatzen dugu eta EAJ eta PSEri eskatzen diegu, hau burutu dadin, Batzar Nagusietan beharrezkoak diren izapideak egin ditzatela".

Egungo pandemiaren testuinguruan, EH Bilduk uste du inoiz baino beharrezkoagoa dela errentarik baxuenak dituzten pertsonak babestea, eta, beraz, hobarien taula berri bat proposatu du, besteak beste, OHZri edo uraren eta zaborren tasei dagokienez. Halaber, ezinbestekotzat jotzen du 1.800 eurotik beherako errenta duten pentsiodunei OHZ ordaintzeko 100 euroko gehieneko muga ezartzea.

Ildo beretik, Rocio Vitero zinegotziak proposatu du "ordainketa zatikatua edo ordainketa atzeratzea autoenplegua edo saltoki txikiak irekitzeko lizentzien ordainketan, bereziki gazteei, emakumeei edo dibertsitate funtzionala duten pertsonei zuzenduta, azken finean, ordainketa-irizpideak malgutzea eta hori gauzatzeko erraztasunak ematea". Viterok, gainera, negozio txikiei (ostalaritzan, adibidez) zaborren tasa jaisteko EH Bilduk egindako proposamena azpimarratu du, krisia modu berean pairatu ez duten azalera handiek egin beharreko ekarpenekin konpentsatuz.

Vitero kezkatuta agertu da udal gobernuak Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren prezioan eredua aldatzeko egindako proposamenarekin, zerbitzuaren kostua larriki garestitzen duelako. "Gobernuak Gizarte Zerbitzuetan duen low-cost eredu horren ondorioz, ELZ jasotzen duten adineko bi pertsonetatik batek gehiago ordaindu beharko du, errentak edozein direla ere. Adibidez, emakume batek 429€-ko pentsioa (LGSn ezarritakoaren erdia) eta etxez etxeko laguntza-zerbitzua astean 10 orduz jasotzen badu, 140€ ordaintzetik 270€ ordaintzera igaroko da. Hau da, berogailua jartzearen edo ELZ ordaintzearen artean aukeratu beharko du", adierazi du Viterok.

EH Bilduk Ordenantza Fiskalei aurkeztutako 50 zuzenketez gain, beste bi zuzenketa orokor gehitu ditu. Lehenengoak, ordenantzen idazketan eta garapenean genero-hizkera inklusiboa bermatzean datza. Eta, bigarrena, eta Gizarte Kontseiluak ezarritako irizpideari jarraituz, EH Bilduk beharrezkotzat jotzen du ordenantza fiskalen erredakzio ulerterraza, kontsultatu nahi dituen edonorentzat ulergarriak izan daitezen.

Era berean, EH Bilduk salatu du Iñaki Gurtubay Ogasuneko zinegotzi delegatuak udalaren diru-sarreren aurreikuspena ezagutzea ukatu egin diola EH Bilduri, gobernuaren gardentasun falta agerian utziz eta oposizioari informazioa jasotzeko duen eskubidea ukatuz.