Gasteiz

Albisteak

EH Bilduk udal aurrekontuei aurkeztutako osoko zuzenketa defendatu du, «herritarren beharrei erantzuten ez dietelako»


EH Bilduk zuzenketa partzialak defendatu ditu, osasuna eta ongizatea, ekonomia suspertzea eta etorkizuneko erronkei erantzungo dien Gasteiz eraikitzea ardatz hartuta.

| 2021-01-21 10:47:00

EH Bilduk osoko zuzenketa defendatu du Ogasun Batzordearen aurrekontuen eztabaidan. Miren Larrion EH Bilduren Gasteizko Udaleko bozeramaileak adierazi duenez, «gobernuaren proiektuak ez die herritarren beharrei erantzuten. EH Bilduk ezohiko aurrekontuak eskatu ditu, salbuespen egoeran. Hala ere, gobernuak aurrekontu gutxituak, atzerakoiak, uzkurrak eta murriztuak aurkeztu ditu, zailtasunak eta oztopoak jarriz egungo egoerari aurre egiteko eskatzen diren erantzunei».

 

Eztabaida honetan Urtaranen gobernuaren filosofia, aurrekontu-proiektuan ere islatu dena, erabateko pasibotasunarena da, egoera larri hau zorpetu gabe igaro arte itxarotearena, erakunde gehienak ez bezala. Gasteizko Udalak, beste erakundeekin alderatuta, ahalegin txikiena egin duena izan da. Pasibotasun horren aurrean, EH Bilduk jarrera proaktiboa planteatu du, eta, horregatik, zuzenketa partzialak ere proposatu ditu, hiru multzo handitan, gobernuak ezarritako esparru makroekonomikoarekin ere herritarrei erantzun hobea emateko aukerak daudela erakutsiz.

 

EH Bilduk osasunean eta ongizatean oinarritutako blokea proposatu du, non 4 milioi euro baino gehiagoko hazkundea aurreikusten duen. EH Bilduren bigarren blokea udalerriaren suspertze ekonomikoan datza, eta 6 milioi euro baino gehiago proposatuz horretarako, hirugarren sektorera, autonomoetara, enpresa txiki eta ertainetara eta etxebizitza eskuratzeko erraztasunak hobetzera bideratutako partidekin. Azkenik, EH Bilduk etorkizuneko Gasteiz prestatzeko proposamena jaso du. Proposamen horrek, era berean, hiru ekintza-ildo aurreikusten ditu: klima-aldaketari erantzutea (1,94M €), digitalizazioa eta industria (2,6M €) eta hiri-mugikortasuna berrasmatzea (1,85M €).