Gasteiz

Albisteak

EH Bilduk salatu du Udalaren ez-egiteak FCCri 170.000 euro barkatu dizkiola


Amancay Villalba: "Kontratuaren urraketa larria da, agerian uzten duena Urtaranen gobernua indartsua dela ahularekin eta ahula indartsuarekin".

| 2020-11-17 11:02:00

EH Bilduk irregulartasun berriak salatu ditu kale garbiketaren eta hondakinen garraio eta bilketaren inguruko fakturen ordainketan. Zehazki, 2018ko azaroaren (42.042,55 €) eta abenduaren (52.573,82 €) eta 2019ko lehen bi hilabeteen (urtarrila 54.523,17 €eta otsaila 24.190,86 €) arteko lau fakturei dagokie. Guztira, garbiketa-zerbitzuengatik hilean 1.921.752 euroko lau faktura, alegia. Udalak erregularizazio-espediente bat aurkeztu zien horiei, haiekin ados ez zegoelako, eta, orain, garaiz eta behar bezala ez erantzuteagatik, iraungi egin da. Horrek esan nahi du Udalak orain ordaindu beharko duela FCCk aurkeztutako faktura (ia bi milioi euro), enpresak egin ez dituen zerbitzuak barne, gehi bi urterako berandutze-interesak.
 

EH Bilduk salatu du Udala dirua galtzen ari den jarduera horien jarraipen zorrotza egin ez izana. "Kontratuaren urraketa larria izan da, eta, beste behin ere, agerian geratu da Urtaranen gobernua indartsua dela ahularekin eta ahula indartsuarekin. Gertaera hori, gainera, zerbitzua bermunizipalizatzearen aldeko beste arrazoi bat da, Estatuan zaborren kartela erabiltzen duten enpresen eskutik datorren arazo horiek saihesteko kudeaketa zuzenaren alde egiteko beste arrazoi bat", adierazi du Amancay Villalba Gasteizko EH Bilduko zinegotziak.


Kaleak garbitzeko eta hondakinak biltzeko kontratua da udalaren diru-kopuru handieneko kontratua. Hileko faktura bakoitza ia bi milioi eurokoa da (1.921.752,13 €), eta gainbegiratu egin behar da. EH Bilduk aipatzen duen ez-betetzea, bat dator kontratua bi alderdien adostasunez deuseztatu zen unearekin. Garai hartan, Urtaranek iragarri zuen akordio horrekin kontratuari lotutako gatazkak amaitzen zirela. Alkateak, gainera, beti adierazi du FCCri, enpresa esleipendunari, emandako zerbitzuengatik bakarrik ordaintzen zitzaiola. Baina, kasu honetan, ez da horrela izan.

EH Bilduk atzemandako lau kasuengatik, Udalak 173.335,4 euro ordaindu beharko ditu FCCk inoiz eman ez dituen zerbitzuengatik. Zehazki, 4 hilabete horietan, eman gabeko zerbitzuak detektatu zituzten udal-teknikariek, lehen aipatutako 170.000 eurotik gorako fakturazioarekin. Desadostasunagatik, udalak erregularizazio-espedientea ireki zuen.


Hala ere, espediente horiek iraungi egin dira, ez direlako ez garaiz ez behar bezala erantzun, eta, beraz, ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea igaro da, eta udalak ez du berariazko ebazpenik eman. Horrek esan nahi du Udalak enpresak agindutako faktura osoa ordaindu beharko duela, enpresak eman ez dituen zerbitzuak barne.


Villalbak irregulartasun hori salatu du Klimaren Aldeko Ekintza Batzordean, eta arazo hori gehiagotan errepikatu den galdetu du. Hala ere, udal-gobernuak ez die gai horiei erantzun. Jarrera hori, EH Bilduk, harrigarritzat jo du, gobernuak gertakari horien berri ez baitu, are gehiago hain larria denean eta udala kontrataren gaineko kontrolaren arduradun nagusiak denean.