AKTUALITATEA


| 2022-02-17 10:57:00

EH Bilduren ustez, «onartezina» da Gasteizko Udala gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonei kobratzen aritzea, Zorro Dekretuaren arabera doakoak diren gizarte zerbitzuengatik. Zein zerbitzu diren doakoak eta zein ez erabakitzeko administrazio eskuduna den Eusko Jaurlaritzak ezarritakoa Zorro Dekretuak ezartzen du bazterketa-egoeran dauden pertsonentzako Eguneko Arreta Zerbitzuak eta bazterketa-arriskuan daudenentzako tutoretzapeko bizitoki- edo etxebizitza-zerbitzuak doakoak izan behar dutela.

Salaketa hori urtero aurkeztu du EH Bilduk Ordenantza Fiskalen eztabaidara. Bertan,
Gizarte Zerbitzu horien kobrantzak berehala eteteko eskatu du urtero urtero, bai eta 8.3 artikuluan Gizarte Zerbitzuen Prezio Publikoak lege-esparrura egokitzeko ere. Hala ere, Urtaranen gobernuak berak aurka bozkatu izan du beti.

Egoera horren aurrean, EH Bilduk txosten bat eskatu dio
Udalbatzako idazkari nagusiari, zeinak, bere txostenean, honako hau adierazi du hitzez hitz: «Gasteizko Udalaren 8.3 ordenantza ez dator bat gizarte-zerbitzuen euskal sistema arautzen duen araudian xedatutakoarekin, koordainketarako formula bat ezartzen baita araudiaren arabera doakoak diren zerbitzu batzuetarako».

«Udalbatzako idazkari nagusiaren txosten batek EH Bilduren salaketa bermatzen du. Urtaranen gobernua kalean bizi diren pertsonei zein udaleko ostatu-baliabideetan bizi direnei kobratzen ari da, 2015etik doako gisa ezarri ziren zerbitzuengatik. Beste behin ere agerian geratu da gobernu hau ahula dela indartsuarekin eta indartsua ahularekin», azaldu du Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak. Halaber, Viterok ziurtatu du gai hori Gizarte Politiketako eta Ogasuneko udal-batzordeetara eramango dutela.