AKTUALITATEA


| 2020-02-21 13:06:00

EH Bilduk salatu duenez, FCC garaile aterako da, beste behin ere, bide-garbiketako eta zabor-bilketako kontratuaren esleipenean. Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak ebatzi du hiriko garbiketa zerbitzuaren kontratua eten egin behar dela, eta, ondorioz, lehiaketara atera behar dela berriro. Horrek aukera ematen dio FCCri gainerako enpresa lizitatzaileen kontratazio-espedienteetara sartzeko, azaroan eskatu zuen bezala.

Hilabete horretan bertan, lehiaketa oraindik irekita zegoela, FCCk –Valorizarekin batera, Aldi Baterako Enpresa Elkartea (ABEE) gisa aurkeztu baitziren– amaitutako eta lizitatzaileek konfidentzialtzat jo ez zituzten kontratazio-espedienteetarako sarbidea eskatu zuen. Esleipen-prozesua bertan behera geratu denez, multinazionalak, nahi zuen moduan, espediente horiek eskura ditzake.

Miren Larrion EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak salatu duenez, "FCC garaile atera da beste behin ere. Berriro aterako da lizitaziorako kontratua, eta FCC abantailarekin abiatzen da. Baina are okerragoa da, beste 9 hilabetez jarraituko duela zerbitzua kudeatzen, gutxienez kontratu berria esleitu arte. EH Bildutik uste dugu, badela garaia porrot egin duen kudeaketa eredu horri amaiera emateko eta, behingoz, zerbitzuaren kudeaketa zuzenaren alde egiteko".