Gasteiz

Albisteak

EH Bilduk salatu du EAJk azaroaren 25erako EUDELen Adierazpen Instituzionala alboratu izana, PP pozteko helburu bakarrarekin


Eudeleko presidenteak Gasteizko Udalean atzera bota du alderdi guztiek elkarte berean adostutako dokumentua, PPren beto bat onartzeko helburu bakarrarekin.

| 2020-11-24 18:16:00

Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren testuinguruan, azaroaren 25ean, EH Bilduk salatu du Adierazpen Instituzional bat adosteko aukeraren aurrean, EAJk nahiago duela PPren obesioak Eudel udalerrien elkartetik datozen indar politikoen akordioaren aurretik jartzea.

Azaroaren 25a zela eta, akordioa lortu zen Eudelen barruan. EH Bilduk uste du Eudelen testua indar politikoen arteko gutxieneko akordio bat dela, nahiz eta uste duen emakumeek pairatzen duten egiturazko indarkeriari aurre egiteko politika ausartagoak behar direla.

Orain, Gasteizko alkateak eta Eudeleko presidenteak erabaki du udalen elkartean landutako akordio politiko hori alboratzea. Hau da, "Urtaranek berak Eudeletik datorren testua errefusatu du, PP pozteko helburu bakarrarekin. Ulertezina da EAJren maniobra berri hau, berriz ere eskuinera biratzen ari baita", adierazi du Miren Larrion EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak.

Euskal Udalen Elkartearen dokumentuak urtean zehar Euskal Herrian eraildako lau emakumeak, bi EAEn eta bi Ipar Euskal Herrian, gogoratzeko keinu bat jasotzen zuen. Lau biktimen omenezko keinu horri betoa jarri nahi izan dio PPk, aipamen hori desagertzearen baldintzapean, 'Euskal Herria' terminoaren erabilera argudiatuz.
Beto asmo horren aurrean, Eudeleko presidenteak nahiago izan du PPren jarrera onartu eta onartu, buru duen elkartean adostutako testua defendatu beharrean. EH Bilduren ustez, oso kezkagarria da EAJk Gasteizen hartutako erabakia, Eudelen barruan negoziatutako eta adostutako dokumentuak bere gain ez hartzea.