Gasteiz

Albisteak

EH Bilduk salatu du 10 langile baino gutxiagoko enpresek enplegua mantentzeko laguntza ekonomikoen %2,8 baino ez dela gauzatuko


Rocio Vitero: "Udalak ez ditu laguntza horiek eskuratzeko oinarriak egungo egoerara egokitu, eta, beraz, ia ezinezkoa da horiek eskuratzea. Erabili gabeko %97,2 sektoreei zuzeneko laguntzetan ematea eskatzen dugu".

| 2020-11-19 11:16:00

EH Bilduk "onartezintzat" jo du udal gobernuak krisi honetan kaltetuenak izan diren sektoreei laguntzarik eman gabe jarraitzea. Izan ere, egungo egoerari erantzuten ez dioten eta, beraz, sektorearen benetako beharrei erantzuten ez dieten laguntzak ateratzen ari da Udala. Urtaranen gobernuak ez ditu aldatu hamar langile baino gutxiago dituzten enpresen enpleguari eusteko laguntzen oinarriak. Horren ondorioz, 7 enpresak baino ezingo dituzte diru-laguntza horiek eskuratu.


"450.000 euroko aurrekontu osoaren %2,8 baino ez da gauzatu, gobernuak ez dituelako oinarriak egokitu sektorearen benetako egoerara. Hori dela eta, erabili gabeko partida, berehala, krisiak gehien kaltetu dituen sektoreei zuzeneko laguntzetan ematea eskatzen dugu", adierazi du Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak. EH Bilduren eskaera hori alderdi guztiei helaraziko die ostiral honetako udal osoko bilkuran.


Azken batean, 23 eskaera baino ez dira aurkeztu laguntzotan, eta horietatik 7 bakarrik onartu dira. Oinarrietan ezarritako irizpideekin bat ez zetozenak baztertu egin dira. EH Bilduko zinegotziaren ustez, egoera zentzugabea da, "ezin dugu hitz egin enpresa txikietan enplegua mantentzeko laguntzei buruz, enpresa horiek ixtera behartuta daudenean, eta are gehiago ostalaritzaren kasuan, azken murrizketen ondorioz, de facto, laguntzak jasotzeko aukerarik gabe geratzen baitira".

450.000 euroko aurrekontutik 12.800€ bakarrik emango dira, hau da, partida osoaren %2,8. Eta hori gertatzen da alarma-egoera hasi zenetik 250 egun baino gehiago igaro direnean eta sektorearekin hitz egiteko eta laguntzak errealitate berrira egokitzeko denbora nahikoa izan denean, baina ez denean egin.

%20ko desenplegua udalerrian, ostalaritzan eta komertzioan %62 ABEEEn eta 450.000 euroko laguntza batetik soilik 12.800 euro emango dira. Egoera hau jasanezina da”, adierazi du Viterok. Ez ohiko egoera honetan gobernuak betikoa egiten jarraitzen du. Aparteko egoeretan, aparteko neurriak behar direla azaldu du EH Bilduk.