Gasteiz

Albisteak

EH Bilduk obra-lizentziei lotutako jakinarazpenak digitalizatzeko akordioa lortu du


Larrion: "Ez da logikoa ostalaritzak isunak terrazako behin-behineko lizentzien eskaerei emandako erantzunak baino lehenago jasotzea. Zero Paper proiektua ezarri behar da, jakinarazpenak arindu eta digitalizatzeko".

| 2020-10-23 08:11:00

Biharko udalbatzan islatuko den akordioa lortu du EH Bilduk udal gobernuarekin, jakinarazpen elektronikoak lortzeko bidean aurrera egiteko. Pandemiak iraun duen bitartean, administrazioaren eta herritarren arteko harremanak ahuldu egin dira, eta, orain, harremantzeko modu horretan eboluzionatu eta digitalizazioan aurrera egin behar da.


Hirigintzarekin lotutako izapideetan, ezagunak dira erantzunak atzeratzen ari direla eta interesdunak ez dakiela zer egoeratan dagoen eskaera. Gainera, aurrez aurreko edozein kontsultatarako aurretiko hitzordua eskatu beharrak zaildu eta atzeratu egiten du izapide ñimiñoena. Miren Larrion EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak adierazi duenez, "Ez da logikoa ostalaritzak isunak terrazako behin-behineko lizentzien eskaerei emandako erantzunak baino lehenago jasotzea. Zero Paper proiektua gauzatu behar da jakinarazpen elektronikoa administrazioaren eta herritarren arteko komunikazio modu gisa txertatzeko".


Larrionek azaldu duenez, horrela, "jakinarazpenak paperean jaso beharrean, postaz, orain arte bezala, jakinarazpenak plataforma digital batean egongo lirateke eskuragarri, eta espazio pertsonaletik eskuratu ahal izango lirateke". Gainera, jakinarazpen berri bat jasotzen den bakoitzean, abisu bat jasoko da posta elektronikoz edo SMS bat telefono mugikorrera. Azken batean, lizentzien, likidazioen, jakinarazpen exekutiboen, zehapenen eta zehapen-errekurtsoen bidez gauza daitekeen ekimena da.


Hala, akordioan jasotzen denez, 2021. urteko lehen seihilekoan, jakinarazpen horietan sartuko dira jarduera-lizentzien, obra txikiko lizentzien, obra handiko lizentzien eta ingurumen-lizentzia eta -baimenen espedienteekin zerikusia dutenak; eta, pixkanaka, jakinarazpen elektronikoekin aurrera egingo da gainerako prozeduretan.