Gasteiz

Albisteak

EH Bilduk larrialdi klimatikoari aurre egiteko eta Gasteizko jasangarritasunaren alde lan egiteko bide-orria eskatu du


Amancay Villalba EH Bilduko zinegotzia Gasteizen: "Urtea bete da Gasteizen larrialdi klimatikoa deklaratu zutenetik, eta orain arteko ekintzak ez dira nahikoak izan. Denbora agortzen ari zaigu. Trantsizio energetiko bati ekiteko garaia da, 2040rako zero karbon helburura iritsi ahal izateko".

| 2020-09-24 10:49:00

Gasteizko osoko bilkurak larrialdi klimatikoa deklaratu zueneko lehen urteurrenean, EH Bilduk ibilbide-orri bat eskatu du, jasangarritasunerantz aurrera egiteko eta larrialdi klimatikoari aurre egiteko eman beharreko pausoak zehazteko. Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, "Urtebete igarota, gobernuak ez du urratsik eman larrialdi klimatikoa geldiarazteko. Adierazpena gizarte zibilera iritsi da, baina gobernuak ez du ekintzara eramateko borondate politikorik izan". Hori dela eta, udal gobernuak larrialdi klimatikoari aurre egiteko eta udalerriko jasangarritasunaren alde lan egiteko ibilbide-orri bat zehaztu dezala eskatuko du EH Bilduk Gasteizko Udaleko hurrengo osoko bilkuran.


Bide-orri hori egiteko, herritarrek parte hartzeko bide eraginkorrak aktibatzea eskatu du EH Bilduk, ingurumen auzoguneaz gain. Ibilbide-orri horretan, jasangarritasunean eta larrialdi klimatikorari aurre egiten laguntzen duten sektore guztiak landuko dira: ura, energia, hondakinak, ekonomia zirkularra, biodibertsitatea, airearen kalitatea, zarata eta nekazaritzako elikagaien sistema, besteak beste.


Halaber, EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, "azken urtean Gasteizek ez du behar adina aurrera egin. Gobernuak larrialdi klimatikoaren deklarazioa asmoen adierazpen huts gisa hartu du eta denbora agortzen ari zaigu. EH Bildutik argi daukagu ekiteko garaia dela, bide-orriaren barruan, trantsizio energetikorako planteamendu bat zehazteko, gure udalerriak 2040rako zero karbon helburura iritsi ahal izateko”.


Villalbak, gainera, Europako araudi eta gomendioetatik datozen helburu eta kronogramak betetzeko beharra azpimarratu du, eta bide-orrian udalerriaren aztarna ekologikoaren kalkulua sartu beharko dela uste du, azken ekintza hori urtero errepikatuz.


Azkenik, EH Bilduk planteatu du bide-orri hori eginda dagoenean, Udalak konpromisoa hartu behar duela jasangarritasunari eta larrialdi klimatikoari buruzko osoko bilkura monografiko bat egiteko, proposamena eztabaidatu eta bozkatzeko.