AKTUALITATEA


| 2022-02-14 10:24:00

EH Bilduk datorren osoko bilkuran helaraziko du ingurumen-hezkuntza sustatzeko beharra, batez ere ikasleengan, lehen sektorea balioa jartzeko. Horrela, jarduera-ildo hori Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak gara dezan eskatuko du. Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, «Gasteizen ez dugu gure landa-inguruneari eta lehen sektoreari buruzko ingurumen-hezkuntzako lerro espezifiko bat, eta horixe ezartzea proposatzen dugu, lurrarekin eta elikadurarekin lotutako lanei balioa ematen laguntzeko».

Era berean, Villalbak ziurtatu du ingurumen-hezkuntzako ildo hori datozen hilabeteetan definitzea eskatuko dutela, 2022-2023 ikasturterako eskaini ahal izateko. Horrela, hura definitzeko, sektoreko eragileak kontuan hartu beharko lirateke, eta I
GI-ari dagozkion jarduerak eta eragileekin berarekin egiten diren kanpoko jarduerak sartu. Lan hori, gainera, ikasgeletan lan egin ahal izateko unitate didaktiko osagarriekin osatu beharko da.

COP-26aren esparruan, joan den azaroan Gasteizko Udalak bat egin zuen Elikadurari eta Klimari buruzko Glasgowko Adierazpenarekin,
larrialdi klimatikoaren erantzun globalaren erdigunean elikadura eta nekazaritza kokatzea helburu dituena. Era berean, nabarmentzekoa da ere Udalak babestu zuen Milango Ituna, hiriek elikagai osasuntsuak eta populazio guztiarentzat lorgarriak bermatu ahal izateko elikadura sistema jasangarriak garatzeko konpromisoa hartu zuen lehen nazioarteko protokoloa.

Hala ere, lehen sektoreak hainbat krisi bizi dituela
ukaezina da, hala nola lurra eskuratzeko zailtasuna, belaunaldien arteko erreleborik eza, lan baldintzen prekarietatea, araudi aplikagarrien exijentzia, multinazionalek agronegozioan egindako presioa, etab. «Faktore horiek, oro har, gainbeheran dagoen eta etorkizunik ez duen sektore gisa ikusarazten dute, baina kontua da funtsezko sektorea dela bizitzarako, lurraldeari eusteko eta potentzial handia duela termino sozio-ekologikoetan eta ekonomiaren birlokalizazioan», nabarmendu du Villalbak, eta, aldi berean, ziurtatu du EH Bilduk ezinbestekotzat jotzen duela ikuspegi horiek haustea eta inplikatutako administrazio eta erakundeekin lan egitea, eta, era berean, sektore guztietan inplikatuta egotea.

Gasteizko Udalaren nekazaritzako elikagaien estrategiak 5 ildo estrategikotan egituratutako ekintza plan bat du, eta laugarrena herritarrak elikagaien ekoizpenaren eta kontsumo iraunkorraren onurei buruz kontzientziatzea eta sentsibilizatzea da. Udal gobernuak ez du nahikoa ahalegin izan plan hau garatzeko eta, orain berrikusten ari denez, indartu egin behar da.