Gasteiz

Albisteak

EH Bilduk indarkeria matxistaren aurkako udal protokoloa berrikustea eskatu du


Rocio Vitero: "Argi dago protokoloak huts egin duela azken urteetan udal instantzietan izandako abusu eta jazarpen sexualetan. Horregatik, beharrezkoa eta premiazkoa da protokoloaren eta honen aplikazioaren berrikusketa".

| 2021-02-18 10:52:00

EH Bilduk 'Gasteizko Udaleko lan- eta sexu-jazarpen, jazarpen sexista edo sexu arrazoiagatikoa eta sexu-orientazioagatiko zein genero-identitate eta -adierazpenagatiko jazarpenari aurre egiteko protokoloa" berehala berrikus dadila eskatuko du biharko udalbatzan. Izan ere, Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, "argi dago protokoloak huts egin duela azken urteetan udal instantzietan gertatutako sexu-abusu eta sexu-jazarpen kasuetan. Protokolo horrek edozein jazarpenen aurrean berehala jarduteko tresna izan behar du, baina tresna horrek ez die nahikoa babes eman eraso horiek jasaten ari ziren emakumeei. Horregatik, beharrezkoa eta premiazkoa da protokoloaren eta honen aplikazioaren berrikusketa".


Horrela, EH Bilduk aipaturiko berrikuspenean udal-sailek eta arlo horretan esanguratsuak diren eragile sozial guztiek zuzenean parte hartzea eskatuko du. Izan ere, Viterok adierazi duenez, gaia "transbertsala" da, eta sail guztiak inplikatu behar ditu, salbuespenik gabe. Halaber, zinegotziaren hitzetan, "akatsak zuzentzeko, autokritika egiteko eta jazarpen mota guztiei erantzuteko behin betiko tresna martxan jartzeko unea da. Inork ezin du sentitu herritarrengandik hurbilen dagoen erakundeak bizkarra ematen diola".


Protokoloan hobetu beharrekoak eta gabeziak aztertu ondoren, EH Bilduk protokoloaren aldaketa eskatuko du, Udala eta honen parte diren espazio guztiak indarkeria matxistarik gabeko gune bihurtzeko, emakumeentzako leku seguruak, alegia.