AKTUALITATEA


| 2022-02-24 11:55:00

EH Bilduk Gasteizko hiri-inguruan aparkaleku gehiago ezartzeko beharra azaldu du. Gune horrek, kasu askotan, Eraztun Berdeko parkeetarako sarbide gisa ere funtzionatzen du, baina parke horiek ez dute nahikoa bizikleta-aparkaleku inguru horretara bertaratzen diren txirrindularien eskari gero eta handiagoarentzat. Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, «Hiri-inguruko eremuak, kasu askotan eraztun berdera sartzeko balio duenak, nahiz Goikolarra eta Arkaiate auzoetan oso aparkaleku gutxi daude, txirrindularien beharrei erantzuten ez dietenak . Gehiago inplementatu behar da bizikleta bidezko mugikortasunaren eskaera gero eta handiagoari erantzuteko».

Esaterako, Arkaiate auzoak bi aparkaleku baino ez dituzte, eta Goikolarra auzoak, non gero eta bizilagun gehiago bizi diren, ez du ia bizikleta-aparkalekurik. Era berean, aparkalekuen gabezia hori Eraztun Berdeko parkeetako sarreretan ere antzematen da, adibidez, Armentiako, Olarizuko edo Zabalganako parkeetan. Azkenaldian, Udalak 700 aparkaleku baino gehiago erosi dituela kontuan hartuta, EH Bilduk uste du premiarik larrienei erantzunez ezarri beharko liratekeela, hau da, aipaturiko lekuetan ezarriz.

Bizikleta bidezko joan-etorrietan segurtasuna bermatuko duen bizikleta azpiegituren plana egitea eta gauzatzea eskatu du behin eta berriz EH Bilduk. Bizikleta-azpiegituren sare nagusiak eta bigarren mailakoak sendotu, hobetu eta handitzeko balioko duen plan bat, sare funtzionalak, nahikoak eta bizikletaz egiten diren joan-etorrien premia gero eta handiagoetara egokituak izan daitezen. Eta horrela izan dadin, ekintza zehatzak izan behar ditugu, besteak beste, eskariari egokitutako aparkalekuak ezartzea.


 

Gaia datorren Mugikortasun eta Espazio Publikoko batzordera eramango du EH Bilduk.