AKTUALITATEA


| 2023-01-11 11:57:00

EH Bilduk azalpenak eskatuko ditu Forondako eraikin babestu bat eraisteari buruz, zehazki makroesidentzia bat eraikitzea aurreikusita dagoen lekuan. Felix Gonzalez EH Bilduren Gasteizko Udaleko bozeramaileak adierazi duenez, eraikina Euskal Kultura Ondarearen Legeak babesten zuen, baina udal teknikarien txosten batek jasotzen duen bezala, 2020an eraitsi zuten, horretarako lizentziarik gabe eta arau-hauste oso larria eginez.


Hala, EH Bilduk galderak erregistratuko ditu hurrengo Lurralde Batzordean, alorreko zinegotziarentzat. Koalizioak lurraldeko zinegotziaren balorazioa ezagutu nahi du, eraiste hori Udalak jakin gabe nola gerta zitekeen azal dezan. «Arau-hauste oso larria da, eta beharrezkoa da Udalari erantzukizunak eskatzea eta horrelakorik berriro gerta ez dadin neurriak hartzea».


Izan ere, Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legearen 84. artikuluaren arabera, arau-hauste oso larriak dira babestutako kultura-ondasun higiezinak eraistea edo suntsitzea. Arau-hauste oso larri horiek milioi bat eurorainoko zehapena ekar dezakete. EH Bilduk jakin ahal izan duenez, azken lau urteetan antzeko kasu bakarra gertatu da, eta 60.000 eurotik gorako isuna jarri zioten. «Atipikoa da, eta, beraz, ezin dugu ulertu Foru Aldundiak nola jarraitzen duen ezer egin gabe eraikina eraitsi eta bi urtera», ziurtatu du Iñaki Ullibarri EH Bilduko batzarkideak.


Ildo beretik, EH Bilduk azalpenak eskatuko dizkio Kulturako foru diputatuari ere. «Euskal Kultura Ondarearen Legeak babestutako eraikina da, eta 2020an eraitsi zuten. Jakin nahi dugu zer egin duen edo egiten ari den Aldundiko Kultura Saila gai tamalgarri honetan dauden erantzukizunak argitzeko, eta jakin nahi dugu, halaber, dagokion zehapen-espedientea hasi den, 2022ko urriaren 7tik ezagutzen baita gertatutakoa», adierazi du.