AKTUALITATEA


| 2022-03-17 10:58:00

EH Bilduk proposamen bat aurkeztu du Gasteizek jasoko dituen ez-ohiko diru-sarrerak udalerriaren erronka estrategikoei erantzuteko erabil daitezen. Gainera, EH Bilduk Gasteizen duen bozeramaile Felix Gonzalezek azaldu duenez, Gasteizek uste baino diru-sarrera gehiago jasoko ditu. Lehenik eta behin, FOFELen behin betiko likidazioa 23 milioi eurokoa delako –aurreikuspena 18 milioi eurokoa zen– eta, bigarrenik, pandemiaren ondorioak arintzeko Estatuak egindako ekarpenetik, Arabako Foru Aldundiaren bidez jasotzen direnetatik, Gasteizek 8 milioi euro baino gehiago jasoko dituelako. Hori bai, Estatuaren ekarpena, azkenean, ez da hasierako helburuei lotuta iritsiko da, eta FOFELen diru-sarrerei gehituko zaie, 32 milioi euro ekarpena lortuz guztira.

«Behin betiko likidazioa iritsiko den honetan, Gasteizek aurretik dituen erronkei erantzuteko erabili behar dugu: gizarte-politikak indartzea, trantsizio ekologikoa, ekonomia suspertzea eta gure espazio publiko eta soziala eta mugikortasuna modernizatzea. Baina EH Bilduk berretsi nahi du FOFELetik jasotzen dugun diru hori herritar guztien ahalegin fiskaletik datorrela, eta, beraz, argi daukagula Urtaranen gobernuak ezin duela bere kabuz erabaki funts horien erabilera», azaldu du EH Bilduko bozeramaileak, zeinek adierazi duen, negoziazioari modu ireki eta eraikitzailean aurre egingo diotela.

Ildo horretan, EH Bilduk egiten duen proposamenak, Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak azaldu bezala, aipatutako lau arlo nagusietan dituen ekimen zehatzak jasotzen ditu. Gizarte-politikak indartzeari dagokionez, Zaramagan eguneko zentro bat sortzeko proposamenaproiektuaren aldeko 2.000 sinadura baino gehiago bildu dituzten bizilagunen proposamena da– nabarmendu du zinegotziak, baita galdara komunitarioen fakturen hazkundeari aurre egiteko bonu sozial energetikoak sortzekoa ere.

Aipatutako trantsizio ekologikoaren esparruan, besteak beste, etxebizitzak birgaitzeko laguntzak berreskuratzeko eta handitzeko proposamena
egin du. Horrez gain, eguzki-plaken ezarpena eta Astegietan uholdeak saihesteko Zadorra ibaiaren meandroa berreskuratzeko neurriak hartzea proposatu du ere. Ekonomia suspertze aldera, Viterok nabarmendu du beharrezkoa dela laguntzak handitzea bai Gazte eta Eskualde mailako enplegu-planetarako, bai, zaratari dagokionez, bizilagunen atsedena eta ostalaritza bateragarri egiteko. Eta, azkenik, espazio publikoa eta soziala berreskuratzearen eta mugikortasunaren arloan, Iradier Arena eraberritzeko proposamenak edo industrialdeetara mugikortasun iraunkorra bultzatzeko neurriak nabarmentzen dira.