Gasteiz

Albisteak

EH Bilduk ezohiko udal aurrekontuak eskatu ditu aparteko krisi egoerari aurre egiteko


Miren Larrion: «EH Bildun akordio zabalak erdiesteko prest gaude, baina, beti ere, gobernantza eredua aldatuta, pertsonak eta hauen beharrak politika publikoen erdigunean jarrita»

| 2020-11-12 12:05:00

EH Bilduk 2021erako aurrekontuak, ezinbestean, pandemiak eragindako krisiari erantzuna ematera bideratuta egon behar direla adierazi du. «Ez ohiko egoera honetan, aparteko aurrekontuak behar dira», adierazi du EH Bilduko bozeramaile den Miren Larrionek, «sortu diren behar berriei erantzuna emateko garaia da, gasteiztar guztiak eta hauen beharrak kontuan hartuko dituen aurrekontu batzuekin».

 

Halaber, Larrionek azpimarratu nahi izan du EH Bilduk elkarrizketarako eta akordio zabalak erdiesteko duen prestutasun osoa «beti ere, argi izanda gobernantza ereduan eta politika publikoen norabidean aldaketa sakona burutzea beharrezkoa dela. Ez dugu ontzat emango oraingo egoerara ekarri gaituzten politika publikoak errepikatzen jarraitzea». Izan ere, norabide aldaketa hori EH Bilduren lehentasunetako bat da.

 

Era berean, EH Bilduk lau lan ildo nagusi azaldu ditu, ulertuta, datorren urteko aurrekontuak hauek jaso beharko lituzkeela. Batetik, eta egungo egoeran halabeharrez jasota behar duen lez, pertsonen osasuna eta ongizatea zaintzea aldarrikatzen du EH Bilduk.

 

Babes soziala handitzea ere, ezinbestekotzat jotzen du EH Bilduk, izan ere, krisiak gizarte zerbitzuen arrakalak bistaratu ditu. Horregatik, EH Bilduk etengabe neurriak proposatu izan ditu laguntza sozialak handitzeko edota Etxez Etxeko Laguntza zerbitzua indartu dadin eskatuz. EH Bilduko zinegotzi Rocio Viterok aipatu bezala, pertsona nagusiak izan dira krisi honetan kaltetuenetarikoak, eta horregatik «EH Bilduk Adinekoen Behatokiaren sorkuntza eskatu du. Pertsona nagusiek euren kezkak azaldu eta laguntza jasotzeko izango duten erreferentziazko gunea».

 

Era berean ekonomiaren susperraldia pizteko ezinbesteko neurriak eskatu ditu EH Bilduk, aurrekontuetan jasota egon behar direnak nahitaez. «Autonomoei eta enpresa txikiei begirako laguntzak indarrean jartzeko garaia da, ezin ditugu ahaztu ostalari eta merkatariak pandemiaren eraginez euren egunerokotasuna hankaz gora jarrita ikusi dutenak. Eurentzako laguntza zehatzak behar dira, baita kulturgintzari begirakoak ere» azaldu du Viterok. Horrez gain, enpleguari zuzendutako laguntzak igotzea eskatu du EH Bilduk.

 

«Etorkizuneko Gasteiz prestatuko duen aurrekontu batzuen beharren dago udalerria, bere politikan norabide aldaketa bat martxan jartzeko beharrean», esan du Miren Larrionek. Larrialdi klimatikoari erantzuteko unea dela uste du EH Bilduk, baita espazio publiko adeitsuak eta mugikortasun jasangarria sustatuko duten politikak ere. Azken hilabeteotan, helburu horretarantz pausoak emateko neurri zehatzak proposatu izan ditu EH Bilduk, hala nola, espazio publikoa berrantolatzeko ‘Gasteizko Kaleak Ireki’ programa, larrialdi klimatikoaren deklarazioari jarraipena emateko eta edukiz betetzeko proposamenak, edota arrakala digitala gainditzeko ideiak.

 

EH Bilduren ustez, etorkizunera begirako norabide horien parte izan behar dute Europako Batasunak COVID-19aren ondorioz erabaki dituen berreraikitze funtsek. EH Bilduk proposamen zehatzak egingo ditu berrikuntza produktibo eta sozialari edota trantsizio ekologikoari heltzeko.