Gasteiz

Albisteak

EH Bilduk Europako funtsetan sartu beharreko bost ardatz nagusiak aurkeztu ditu


Miren Larrion: "Udalerriko bi arimak, berdea eta industriala, batzen dituzten proiektuak aurkezten ditugu, etorkizuneko erronkei erantzungo dien Gasteiz eraikitzeko helburuarekin".

| 2020-12-02 10:35:00

EH Bilduk berreraikuntzarako Europako Funtsen deialdirako proposamena aurkeztu du gaur. Proposamen horrek funtsezko 5 proiektu ezartzen ditu Gasteizek etorkizuneko erronkei erantzun diezaien. “Gure hiriaren indarguneen azterketatik abiatzen dira, hiri honetako bi arimetatik: arima industriala eta arima berdea. Guztion artean diseinatu eta adostutako beharrezko aldaketa egiteko aukera da. Kontua ez da iraganeko kontingentziak berreraikitzea, biharko Gasteiz sortzea baizik”, adierazi du Miren Larrion EH Bilduko bozeramaileak.


Udalerriko bi arimak batzeko ildo beretik, EH Bilduk udalerriko berrikuntza sozial eta ekonomikoa bultzatzeko gune bat sortzea proposatu du: Arana Ekosistema proiektua. Fabrikazio aurreratuko laborategi bat izango du pieza nagusi gisa, 140 milioi euroko aurrekontuarekin; izan ere, proiektuan Betoñu eta Gamarrako industrialdeak erabat birgaitzea ere sartuko litzateke.


Eta benetako trantsizio energetiko baterantz aurrera egiteko asmoz, EH Bilduk Gasteiz Zero Carbon 2040 proiektua aurkeztu du. “Larrialdi klimatikoaren aurrean, trantsizio energetikoa garatzeko plan bat da, 2040. urterako karbono emisioetan neutroa izango den udalerri bat lortzeko, energia berriztagarrien aurrezpenean, eraginkortasunean, produkzioan eta autokontsumoan oinarrituta”, zehaztu du Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak. Proiektu horrek 675 milioi euro behar ditu lehen faserako, baina datozen bi hamarkadetan 20.000 lanpostu sortuko lituzke enplegu berdeari lotutakoak.


EH Bilduk hiria "jostearen" alde egin du ere, trenbidea osorik lurperatuz. “Europako funtsak agerpenak aukera eman behar du Gasteizek aurrez aurre duen obrarik handiena birpentsatzeko. Trenbidea hiri osoan lurperatzeko aukera da, Salburua eta Zabalgana kontuan hartuta”, esan du Larrionek, zeinek adierazi duen ere: akats larria da bi auzoetarako lurpeko irteera aurreikusita ez izatea”. Irtenbide horrek 150 eta 200 milioi arteko aurrekontua beharko du.


EH Bilduren ustez, beharrezkoa da eraztun berdea zabaltzen jarraitzea eta Gasteizko mendebaldean bigarren eraztun bat sortzea, Ingelesmendi izenarekin. Hiri inguruko parke berri bat izango litzateke, Badaia-Arrato mendilerroa Gasteizko mendiekin lotzeko Jundiz inguruan. Horretarako 25 milioi euro behar dira, izan ere, Gasteizko lehen eraztun berdea hegoaldeko ibaien erreforma osatuz ere gauzatu behar da.


Ideia hori lotuta dago EH Bilduk 'Gasteizko Kaleak Ireki' ekimenaren bidez espazio publikoak berreskuratzeko egiten duen proposamenarekin. Espazio publikoa berrantolatzea, bizikletaren erabilera sustatzea eta oinezkoentzako espaloiak zabaltzea helburu duen ekimena. Era berean, hiriko eremu aberatsenetan etxebizitzak birgaitzeko eta energia-eraginkortasuna hobetzeko planak aurkeztu behar dira. Hori guztia, 35 eta 45 milioi euro arteko aurrekontuarekin.