Gasteiz

Albisteak

EH Bilduk etxebizitza kolaboratiboak sustatzearen alde egin du Gasteizen


Amancay Villalba: "Etxebizitza eredu berri hauek komunitateari balioa ematen diote, bizi eredu jasangarriagoak ahalbidetzen dituzte eta zaintzak balioan jartzen dituzte, horiek gauzatzeko formulak berrasmatuz".

| 2021-02-16 11:29:00

EH Bilduk Gasteizen etxebizitza kolaboratiboak sustatzeko eta gure hirian eredu hori ezarri nahi duten eragileekin modu aktiboan lan egiteko eskatuko du ostiral honetako udalbatzan. Gero eta eragile gehiago ari dira azaleratzen etxebizitza antolatzeko aukera berriak eskatuz. "Esparru horretan agertzen dira kooperatibak eta ekimenak, hala nola etxebizitza kolaboratiboak, etxebizitza komunitarioak edo cohousing-a. Etxebizitza eredu horiek Europako hainbat herrialdetan errotutako errealitate baten parte dira, eta EH Bilduk hemen ere egia izan daitezen erraztu nahi du", adierazi du Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak.


Hala, EH Bilduk osoko bilkuran eskatuko du Gasteizen etxebizitza eredu alternatibo horien eskariaren azterketa egiteko eta udalerrian eredu horiek ezartzen saiatzen ari diren eragileekin modu aktiboan lan egiteko. Era berean, HAPO berrian horrelako ekimenetarako lurzoru-eskaintza jasotzea eskatuko du EH Bilduk, zuzkidura-bizitokietarako dagoen eskaintzatik harago.


"Eredu berri horiek etxebizitza egituratzeko modu berriak errazten dituzte eta, berez, EH Bilduk propiotzat defendatzen dituen beste balio batzuk dakartzate. Etxebizitza modu alternatiboan antolatzeak elkartasunean oinarritutako harreman-eredu berriak ahalbidetzen ditu, komunitateari balioa ematen dio, bizi-eredu jasangarriagoak eskaintzen ditu kontsumo txikiagoa dakarrelako, zaintzei balioa ematen die eta horiek gauzatzeko modu berriak errazten ditu", adierazi du EH Bilduko zinegotziak.


Horregatik guztiagatik, EH Bilduk 21 Zabalguneari eskatuko dio etxebizitza-eredu berri horiek sustatzeko zeregin aktiboa izan dezala, beste leku batzuetan abian jarri diren esperientziak aztertuz eta, ahal den neurrian, udalerrian ezartzea erraztuz. "Ekimen horiek erabilera-lagapeneko eredu kooperatiboetan oinarritzen direnean, espekulazio urbanistikoaren alternatiba gisa aurkezten dira, eta batzuen onura ekonomikoa lehenestea eragozten dute, etxebizitzarena bezalako eskubideei lehentasuna emanez eta bermatuz", esan du Villalbak.