Gasteiz

Albisteak

EH Bilduk eta Elkarrekinek, modu bateratuan, Urtaranen agerraldia eskatu dute Armentia-2 gas putzuaren inguruan azalpenak eman ditzan


| 2020-12-04 08:42:00

EH Bilduren eta Elkarrekinen udal taldeek modu bateratuan datorren abenduaren 15ean egingo den Klimaren Aldeko Ekintzaren eta Nekazaritza Eremuaren Batzordean Gorka Urtaran alkatearen agerraldia eskatzea adostu dute. Udalerrian gas-esplorazio lanak egiteko asmoz, zehazki, Armentia-2 izeneko putzuan, Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Hidrokarburoen Sozietate SHESA-k egindako lizentzia-eskaeraren inguruan udal-gobernuak hartuko duen jarrerari buruzko azalpenak eskatzea du xede agerraldiak.

 

Talde sinatzaileek gogorarazten dutenez, bada Gasteizko hegoaldean hidrokarburoak erauzteko proiektua modu irmoan baztertzen duen udalaren eta gizartearen gehiengoa.Errefusa hori urtarrilaren 17ko osoko bilkuran onartutako mozio batean jaso zen. Mozio hark proiektua bertan behera uzteko eskatzen zien Eusko Jaurlaritzari eta SHESA-ri, eta, era berean, gasa erauzteko jarduera Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarekin (HAPO) bateraezina zela gogorarazten zien.

 

EH Bilduk eta Elkarrekin taldeek dei egiten diote Urtarani udalerriaren eta bertako biztanleen interes orokorra defenda dezan, gasa esploratzeko eta ustiatzeko proiektua egungo ordenamendutik kanpo geratzen dela onar  eta argitu dezan, eta, ondorioz, argi utz dezala ezin zaiola SHESA-ri eskatutako jarduera-lizentzia eman.