EH Bilduk "Hiri seguruak eta espazio publiko seguruak" programarekin bat egitea eskatuko dio udalbatzari, NBE Emakumeak erakundearen Habitat III agendaren barruan. Programa horrekin bat egiten duten hiriek konpromisoa hartzen dute emakumeak eta neska gazteak sozialki, ekonomikoki eta politikoki baliabideak izan ditzaten eta gaituta egon daitezen sexu-jazarpenik eta bestelako sexu-indarkeriarik gabeko espazio publikoetan. «Ekimen honen bidez, pertsona guztiek eta, bereziki, emakumeek eta neska gazteek hiriaz eta espazio publiko seguru batez gozatzeko duten eskubidea aitortu nahi dugu. Indarkeria matxistarik gabeko Gasteiz eraiki behar dugu, eta, horretarako, ezinbestekoa da espazio publikoaren egoerari heltzea. Indarkeria matxistarik gabeko Gasteiz hau eraikitzeko, garrantzitsua da ildo berean lanean ari diren beste hiri batzuekin sareak ehuntzea. Horregatik, Gasteiz ONU-Mujeres programaren parte izatea nahi dugu», adierazi du Gasteizko EH Bilduko bozeramaile Rocio Viterok.
Ekimenaren arabera, datuak, politikak, inbertsioak eta gizarte-aldaketa funtsezko osagaiak dira sexu-jazarpenari eta beste sexu-indarkeria mota batzuei aurre egiteko estrategia integralak diseinatzeko, eta gai horietan sakontzea eskatzen du, aipatutako hiri seguruak bermatze aldera. «Ekimen honetan parte hartzeak aukera emango digu gure espazio publikoa seguruago eta indarkeria matxistarik gabe egiteko ekimen egokiak ezagutzeko. Gasteizen egindako lana partekatzeko eta nazioarteko proiekzioa emateko aukera emango digu ere. Hirietan emakumeek eta neska gazteek jasaten dituzten abusuak eta erasoak geldiarazteko ahots komun bat sortzen lagundu nahi dugu. Horrela, programa honen onurek emakume gasteiztarren errealitatean eragina izateaz gain, emakumeen eta neska gezteen errealitatea maila globalean hobetzen lagun dezakegu», adierazi du Viterok.
NBE Emakumeak erakundearen arabera, emakumeek eta neska gazteek hiriko kaleetan lasai ibili ezin dutenean, merkatuetan saldu eta erosi ezin dutenean, garraio publikoan mugitu ezin direnean edo ezin dituztenean komun publikoak erabili, horrek izugarrizko eragina du haien bizitzetan. Horrez gain, erakundearen arabera, indarkeriaren mehatxuak eta bizi-esperientziak eragina dute emakume hauek gizartean duten parte hartzean, hezkuntzan, enpleguan eta lidergorako aukeretan. Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, «beharrezkoa da indarkeria matxistarik gabeko Gasteiz eraikitzeko urratsak ematen jarraitzea, eta horretarako, besteak beste, espazio publikoan jarri behar da arreta, pertsona guztiek goza dezaten bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuz, haien generoa edo sexu-orientazioa edozein dela ere».