Gasteiz

Albisteak

EH Bilduk errefusatu du Udaltzaingoak joan den astelehenean Gaztetxean izandako jarrera, eskubide politikoei eta biltzeko eskubideei erasotzen dielako


Larrionek Herritarren Segurtasunerako zinegotziari: "Edukiera-arauak eta osasun neurriak betetzen baziren, eta gaztetxeak ez badu udal honek gazteen lonjei buruz egiten duen definizioa betetzen, zer arrazoi egon zen bertan sartu eta jendea identifikatzeko?".

| 2020-10-09 14:20:00

EH Bilduk, Herritarren Segurtasunerako Batzordean, Marian Gutierrez zinegotziari galdetu dio astelehenean Poliziak Gaztetxean egindako esku-hartzearen inguruan, non 40 pertsona identifikatu zituzten. Udalak, Udaltzaingoaren partearen bidez, Gaztetxea gazte-lonjekin parekatuz justifikatzen du interbentzioa, eta, beraz, araudi bera aplikatu die. "Edukiera arauak eta osasun neurriak betetzen baziren, eta gaztetxeak ez badu udal honek gazteen lonjei buruz egiten duen definizioa betetzen, zein izan zen bertan sartu eta jendea identifikatzeko arrazoia? Zergatik ez diote bertako jarduera kriminalizatzeko egiten duten saiakera behingoz baztertzen?", galdetu dio Miren Larrion Gasteizko EH Bilduko bozeramaileak Herritarren Segurtasunerako zinegotzi ordezkariari.

 

Horregatik, arrazoi faltengatik alegia, EH Bilduk eskatu du Udaltzaingoak ez dezala aurrera egin identifikazioekin eta ez dezala indetifikatutakoengan ondoriorik izan; izan ere, Larrionek azaldu duenez, "argi dago ez zegoela arrazoirik Gaztetxean sartzeko eta bilera-eskubidea erabiltzen ari ziren pertsonak identifikatzeko, nortzuk, era berean, osasun eta edukiera neurriak betetzen ari ziren".

 

Era berean, Gasteizko Udalak gazte-lonjei buruz eskatutako IKIren txostenaren arabera, espazio horiek honela definitzen ditu: "Zuzenbide pribatuaren estatutuaren pean, jarduera pribatuetan aritzen diren, baina gizabanakoen kolektibitate batek osatzen dituen espazioak dira". Definizio horretan oinarrituta, EH Bilduk salatu du udal gobernuak Gaztetxeari gazte-lonja izaera eman nahi izan diola, inoiz ez denean horrela izan, eta, Larrionek adierazi bezala, erabilera anitzeko lekua denean, "egun hartan bertan, mota askotako taldeak bilduta zeuden, euren eskubide politikoa eta biltzeko eskubidea erabiliz".