Gasteiz

Albisteak

EH Bilduk energia komunitateak garatzeko plan bat eskatu du


Amancay Villalba: "Komunitate energetikoek eredu kooperatibo berriak sustatzen dituzte energia berriztagarrien ekoizpen, kudeaketa, kontrol eta kontsumo komunitarioaren inguruan".

| 2020-12-16 10:38:00

Gasteizko Udalak udalerrian energia komunitateak garatzeko plan bat martxan jartzea eskatu du EH Bilduk. "Energia komunitateak, tokian tokiko errealitatetik lan eginez, tresna bat dira eredu kooperatibo berriak sustatzeko energia berriztagarrien produkzioaren, kudeaketaren, kontrolaren eta kontsumo komunitarioaren inguruan", adierazi du Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak.


EH Bilduk, datorren udal osoko bilkuran, mozio bidez, udal honek 2040. urterako udalerriaren deskarbonizazioa ekarriko duen trantsizio energetikoa bultzatzeko konpromisoa har dezala eskatuko du. Izan ere, funtsezkoa da Udalak onartzea energia komunitateek trantsizio energetiko horretan aurrera egiteko duten ahalmena.


Horrela, EH Bilduk udal eraikin eta instalazioen eguzki ahalmen fotovoltaikoa garatzeko eta komunitate energetikoak garatzeko plan bat egiteko eskatuko dio osoko bilkurari. Plan horrek mapa bat izan behar du, udal-parte-hartzearekin, energia komunitatea gara dezaketen espazioak identifikatzeko, bai eta udalak gidatutako esperientzia pilotu bat gutxienez abian jartzeko ere. Horrekin batera, informazio-kanpaina bat egin beharko da, herritarrek komunitate energetikoen figura ezagutu dezaten, eta aholkularitza-zerbitzu bat prestatu beharko da komunitate energetikoetan interesa duten herritarrei arreta emateko.


Jasangarritasunaren parametroen barruan eta aurrezkian, eraginkortasunean, herritarren parte-hartzean eta energia berriztagarrien garapenean oinarritutako energia-eredu berri baterantz igarotzeko beharra agerian geratu da Gasteizko Udalak sinatu dituen plan eta akordio askotan. Batzuk aipatzearren, 2019. urteko irailean Udalbatzak onartutako klima larrialdiaren deklarazioa, edo 2030 Agendarekin bat egiteko erabakia, bere seigarren helburu gisa aipatzen duenak energia eskuragarri, seguru, jasangarri eta moderno baterako sarbidea bermatzea.


Energia komunitateak, halaber, trantsizio energetikoari heltzeko osagaiak dituzten ekinbideak dira, eta IDAEk eta Europar Batasunak berak onartu dute haren balioa. Are gehiago, Europar Batasuna bera da gaur egun bere estatu kideei dei egiten ari zaiena halako ekimenak gara ditzaten.


"Eredu energetiko berri baten alde egiteko interesa hainbat eragilek partekatzen duten interesa da, eta energia berriztagarrietan oinarrituta, burujabetza energetikoaren eta energiaren demokratizazioaren aldeko ekimenak aztertzen eta martxan jartzen ari dira", azpimarratu du Villalbak. Horren adibide dira energia komunitateak, gure lurraldean bertan errealitate bat direnak, Lasierrako energia komunitatea kasu.