Gasteiz

Albisteak

EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio Etxebarriari Gasteizko APCE-ren XVII. Kongresuan COVID neurriak urratzeagatik


Antolatzaileek afaria programatu zuten Europa Jauregian, eta Dekretuak baimendutako ordutegitik kanpo amaitu zen, ostalaritza sektorea dekretu hori betetzen ari zen bitartean.

| 2020-12-21 12:08:00

EH Bilduk jakin ahal izan duenez, joan den astean Europa Jauregian -udal instalazioan- egindako ekitaldiak ez zuen indarrean zegoen araudia bete, APCEren XVII. Biltzarrean, Gasteizen. "Ostalaritza sektoreari araudia zorrotz betetzea eskatzen dioten bitartean, Maider Etxeberriaren sailak Kongresu bat antolatzen du non afaltzera bertaratutakoak gaueko 21:00ak pasata ateratzen diren ekitalditik. Araudi bat al dago herritar guztientzat eta aparteko beste bat Etxebarriaren saileko ekitaldietarako?", adierazi du Iratxe Lopez de Aberasturi Gasteizko EH Bilduko zinegotziak.

 

Biltzar-egitarauan, hilaren 16rako (asteazkena) ongietorri-afari bat jasotzen zen, gizarte-egitarauan ongietorri-koktel gisa izendatua. Hala ere, egun horretan bertan, egintzari buruzko informazio oro ezabatzen da. Gauza bera gertatzen da "gala-afaria eta APCE sarien banaketa" izenekoarekin, ostegunerako, hilak 17, programatuta, eta "gala-afaria" kentzen da. Baina programatik bakarrik baino ez da ezabatzen, afaria, azkenean, burutu baitzen.


Maider Etxebarria alkateordea poztu egin da prentsa ohar batean, jarduera-kongresuala Gasteizera itzuli delako. Ohar horretan nabarmendu zen, halaber, COVID garaian kongresu-jauregien kudeaketari buruz egindako analisia, Kongresuko txostenetan ehun parte-hartzaile baino gehiago izango zirela aurreikusten baitzen.


Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak honako hau ezartzen du abenduaren 10eko 44/2020 Dekretuan: "Ferialeku-jarduera horri lotutako ostalaritza- eta jatetxe-jarduerari dagokionez, eranskin honetako 9. puntuan ezarritako mugak eta baldintzak beteko dira". Hala, 9. puntu horrek honako hau azaltzen du:


"Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduak gehienez 20:00etan itxi beharko dira, bezeroen hustea barne, eta ezingo dira 06:00ak baino lehen ireki jendearentzat."


Eta, hala ere, EH Bilduk jakin ahal izan duenez, kongresu horretan afari jendetsuak egiteaz gain, dekretuan ezarritako irteera ordua gainditu zuten. Gaueko 21:15ak pasata, Europa Jauregitik atera ziren Kongresuan egindako afarira bertaratutakoak.


Hori dela eta, Lopez de Aberasturi zinegotziak iragarri duenez, EH Bilduk azalpenak eskatuko dizkio Maider Etxebarria Ekonomia Sustapenerako zinegotziari, Gasteizko Udalak antolatu eta udal instalazioetan egindako kongresu batean Dekretua argi eta garbi ez betetzea egotzita.