Gasteiz

Albisteak

EH Bilduk aurrerapauso positiboa ikusten du birgaitzerako arau berrian, baina bermeak eskatzen ditu eraikinik kanpo gera ez dadin


| 2020-12-17 10:58:00

Bihar Gasteizko etxebizitza eta bizitegi-eraikinen birgaitzearen sustapenerako arauaren lan-taldea bilduko da, XXI Zabalgunearen barruan birgaitze-arau berria aztertzeko. Egindako azken aldaketak kontuan hartuta, eta xehetasun batzuk argitu gabe, EH Bilduk uste du proposatutako testu berria aurrerapauso positiboa dela, birgaitze-politika laguntza horiek jasotzeko premia handiena duten komunitateetara eta pertsonengana iristeko bidean. EH Bilduk ere ekarpenak egingo ditu biharko bileran, arauak argitasun eta segurtasun juridiko handiagoa izan dezan.


Deialdiaren oinarri egoki batzuk ezinbesteko baldintza dira, baina ez nahikoa, norabidea aldatzeko eta birgaitzeari bultzada emateko, EAJ eta PSEren gobernuak 2019ko eta 2020ko laguntzetarako ezarritako etenaldiaren ondoren. "Espero dugu birgaitzearen inguruko norabide aldaketa honekin batera diru-hornidura nahikoa izatea, eraginkorra izan dadin, eta premia larrienak dituzten Gasteizko zonaldeei, Alde Zaharreko hiriguneari, alegia, estaldura emateko", azaldu du Felix Gonzalez EH Bilduko zinegotziak.

 

Hala ere, EH Bilduk berme argiak eskatu ditu birgaitze eredu berri bat onartzeko, aurreko urteetan laguntzarik gabe geratu diren komunitateak kolokan ez uzteko. Urtaranen gobernuak aldebakarreko erabakia hartu zuen 2019an birgaitzeko laguntzen deialdia eteteko, eta 2020an ere ez du egin, nahiz eta auzotarren komunitateek fede onez ekin zieten erreformei diru hori iritsiko zelakoan.


Egoera horrek arazoak eragin dizkie 2018an laguntzak eskatu zituzten bizilagunei. "Azken urteetan deialdirik egin ez izanak arazoak sortu ditu, bereziki, obrak hasi eta gerora laguntzen etetea jasan duten komunitateetan. Ezin dira arau berri honen pagano bihurtu", adierazi du Gonzalezek.