Gasteiz

Albisteak

EH Bilduk arrakala digitalari aurre egiteko neurriak proposatu ditu


Miren Larrion: “Arrakala digitalarekin amaitzeko herritarrak eta hiria bera mundu digitalean ahalduntzearen aldeko apustua egin behar da”

| 2020-12-07 11:13:00

EH Bilduk arrakala digitalari aurre egiteko mozioa eramango du Gasteizko hurrengo Udalabatzara. Izan ere, COVID-19ren osasun-krisiarekin, arrakala digitala nabarmenagoa bihurtu da. Egun batetik bestera, langileek, hezkuntza-komunitateak eta abarrek bulegoak eta ikasgelak aldatu behar izan zituzten etxeko gelengatik. "Horrek guztiak agerian utzi du arrakala digitala; izan ere, familia guztiek ez dute laguntza teknikorik, ezta aukera berdinak ere. EH Bildutik ezinbestekotzat jotzen dugu lan egitea arrakala digitalarekin amaitzeko eta herritarrei Interneterako sarbidea bermatzeko", adierazi du Miren Larrion Gasteizko EH Bilduko bozeramaileak.

 

Hori dela eta, gainerako erakundeekin lankidetzan ekipoak mailegatzeko linea bat ezartzea eskatuko du EH Bilduk osoko bilkuran. Izan ere, konektatzeko gailuetarako sarbidea izatea da arrakala digitala murrizteko lehen urratsa. Era berean, udalaren banda zabaleko sarbidea zerbitzu publiko gisa bermatzeko eskatuko du.

 

Arrakala digitalak teknologia berriekiko sarbidea edo ezagutza izan dezaketen pertsonen eta ez dutenen arteko desberdintasunari egiten dio erreferentzia. "Arrakala digitala arrakala sozialaren isla da, pertsonen maila ekonomikoak baldintzatzen baitu sarbide teknologikoa. Baina genero-arrakalaren isla ere bada, emakumeek gutxiago eskuratzen baitituzte baliabide digitalak. Desberdintasun digitalei aurre egiteko jorratu beharreko hainbat dimentsio dituzte eta, horretarako, herritarrak eta hiria bera mundu digitalean ahalduntzearen aldeko apustua egin behar da", azpimarratu du Larrionek.


Hala, EH Bilduren ustez, beharrezkoa da gaitze digitalen zerbitzu bat koordinatzea, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak eta administrazio elektronikoa erabiltzera gutxi ohituta dauden pertsonei laguntzeko, Udalaren izapide eta kudeaketa administratiboak egiterako orduan, KZguneen sarea baliatuz.


Horrez gain, Gizarte Politiketako planetan "inklusio digitala" sartzeko eskatzen du EH Bilduk.