Gasteiz

Albisteak

EH Bilduk Armentia 2-ko jarduera-lizentzia ukatzeko eskatu dio Urtarani


Amancay Villalba: "EH Bilduk ez du aukera posibletzat ere jotzen udal gobernuak gasa esploratzeko baimena eman dezan. Gobernuak araudia bihurritu nahi badu, aurrean izango gaitu".

| 2020-12-15 10:58:00

EH Bilduk udal gobernuari eta, zehazki, Gorka Urtaran Gasteizko alkateari eskatu die SHESAk Armentia 2-ko proiektu gasistikorako eskatutako jarduera lizentzia ukatzeko. "Udal hirigintza-plangintzarekin bateraezina den proiektua da. Egungo HAPOaren erredakzioak ez du aipaturiko jarduera onartzen. Gobernuak araudia bihurritu nahi badu, aurrean izango gaitu", adierazi du Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak.

 

Hainbat udal-erakunde, hala nola IGI, landa-eremuko zerbitzua edo ingurumen eta hirigintza sailak, jarduera mota horren aurka agertu dira dagoeneko. Baina, gainera, Armentia 2-ko hidrokarburoen esplorazio-zundaketa konbentzionalaren aurka agertu dira bai udal osoko bilkuraren bai Gasteizko gizartearen gehiengoa.

 

Hala ere, Villalba zinegotziak nabarmendu duenez, "gaur hemen gaude Eusko Jaurlaritzak herriaren borondateari eta udal informeei ez dielako jaramonik egin, eta energia arloko elementu anakroniko eta zaharkitu bati eusten jarraitzen diolako, azken finean, gasa erregai fosil bat baita". Hala, Villalbak esan du Jaurlaritza ez dela ulertzen ari trantsizio energetikoa dela orain premiaz egin behar den bidea.

 

Gainera, EH Bilduk salatu duenez, nahiz eta jarduera eskaera hori duela bi hilabete sartu zen Udalean, ez du ohiko prozedura jarraitu, hau da, BOTHAn argitaratzea, interesdunek alegazioak aurkeztu ahal izan ditzaten. EH Bilduk alkateari, atzo hirigintzako zinegotziari eskatu bezala, argitalpenaren atzerapenaren arrazoia argitzeko eskatu dio.