Gasteiz

Albisteak

EH Bilduk AMVISAren plan estrategiko berrian gehitzeko proposamen sorta aurkeztu du


Villalba: "AMVISAn partaidetza bermatzeko eta sozietate publikoaren nortasuna mantentzeko aukera bat da plan berrirako prozesu hau, bermatuz horrela ere Uraren eta Saneamenduaren Giza Eskubidea"

| 2021-01-14 11:30:00

Amvisako plan estrategiko berrian gehitzeko asmoz aurkeztu ditu aste honetan EH Bilduk bere ekarpenak. Plan horren helburu nagusia sozietate publiko honek datozen 10 urteetan izango duen etorkizuna zehaztea izango da. EH Bildu bat dator Amvisarentzat epe luzerako horizonte bat ezartzeko beharrarekin, etengabe hobetzen ari den eta hurrengo hamarkadetako beharretara egokitzen den zerbitzu bat izatea ziurtatuko duena.


EH Bilduk uraren printzipioan oinarritu ditu bere ekarpenak, 'bizitzarako ezinbesteko ondasun komun' gisa, eta Uraren Kultura Berriaren paradigma eta uraren eta saneamenduaren giza eskubidea txertatu ditu. Era berean, kontuan hartu ditu zerbitzua klima-larrialdiko testuinguru batera egokitzea, azpiegiturak berritzea, saneamendu-sistema hobetzea ahalbidetuko duten irtenbideak bilatzea eta Urbidetik bereizitako zuzeneko kudeaketa-eredu bat defendatzea.


Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak ziurtatu duenez, "beharrezkoa da giza eskubideen ikuspegia gehitzea, eta, beraz, Uraren eta Saneamenduaren Giza Eskubidea betetzea bermatzea, ezinbestekoa den gutxieneko hornidura ezarriz, Amvisako eremu geografikoko herritar guztiek bizitzarako ezinbestekoa den ondasun hori eskuratu ahal izango dutela ziurtatuz".


Etorkizuneko beste erronka nagusietako bat larrialdi klimatikoko testuinguru batean zerbitzu ezin hobea bermatzea izango da; izan ere, krisi klimatikoak muturreko fenomenoak ekar ditzake, hala nola lehorteak eta uholdeak, eta horiek zerbitzua kaltetu lezakete, behar bezala aurreikusi ezean.


EH Bilduk, gainera, Arabako Foru Aldundiak bultzatutako uraren kudeaketa integralaren ereduari buruzko eztabaidari heldu dio, Amvisaren egungo nortasuna mehatxatzen duen erakunde kudeatzaile bakar baten sorreran oinarrituta. "Eredu hori parte-hartzerik, gardentasunik eta informaziorik gabe definitu izanak eragin negatiboa du eztabaida honetan parte hartu ezin izan duen gizartearengan. EH Bildutik Amvisaren nortasunari eustea defendatzen dugu", adierazi du Villalbak. Horregatik, EH Bilduk proposatu du Amvisaren balioen artean sartzea herritarren parte-hartzea, zerbitzuaren kalitatea hobetzeko tresna gisa, eta hala izan dadin mekanismoak prestatzea.


Kudeaketa ereduari dagokionez, EH Bilduk kudeaketa publiko zuzenaren defentsaren eta sustapenaren aldeko apustu sendoa egiten du, eta eredu hori funtsezko zerbitzuetan finkatzen du, hala nola Krispijanan edo zuzeneko arretan. Hala ez izateak eragin negatiboa du, bai ikuspegi ekonomikotik, bai zerbitzuaren kontrolerako eta kalitaterako gaitasunetik.