Gasteiz

Albisteak

EH Bilduk Aldaialdeko familiak «engainatzea» egotzi dio udal gobernuari, eta Urtaranen agerraldia eskatu du azalpenak eman ditzan


EH Bilduk Gorka Urtaran alkatearen agerraldia erroldatu du, Aldaialde HLHIren tramitazioaren egoerari eta Bildarratz Hezkuntza sailburuaren adierazpenei buruzko azalpenak eskatzeko.

| 2021-01-20 10:42:00

EH Bilduk Gorka Urtaran alkatearen agerraldia erroldatu du Lurralde Batzordean, Aldaialde HLHIren tramitazioaren egoerari eta hura hartu behar duen lursailari buruzko argibideak eman ditzan. Izan ere, atzo bertan, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak adierazpen batzuk egin zituen komunikabide batean, eta onartu zuen eraikuntzarekin aurerratu egiteko «traba juridikoak» daudela. Hori dela eta, ez dute «laburrera begira» inolako konponbide aukeratik ikusten. EH Bilduren ustez, EAJk, Urtaranek eta udal gobernuak Aldaialde HLHIko famili»k «engainatu» dituzte, eta onartezina da gai honetan erakutsi duten ardura eskasa.


«Aldaialdeko familiek bost urte daramatzate ikastetxea eraikitzen has dadin zain, eta EAJk datarik zehaztu gabe eta baloiak kanpora botatzen jarraitzen du. Onartezina da. Behin eta berriro esaten ari gara: Aldaialdeko familiek ezin dute gehiago itxaron», esan du EH Bilduko bozeramaile Miren Larrionek. Are gehiago, EH Bilduk adierazi du, sailburuaren adierazpenen ostean, agerian geratzen dela EAJk aipatzen zuen lizentzia baldintzatua denbora irabazteko eta ardura gainetik kentzeko maniobra bat baino ez dela izan. Hori dela eta, EH Bilduk alkatearen agerraldi publikoa eskatu du azalpenak exijitzeko.


2019Ko udazkenean, Aldaialdeko familiak Gasteizko udalbatzara jo zuten udalaren babes eta irtenbide bila. Osoko bilkura hartan, EAJk, partzelari loturiko arazo juridikoei irtenbidea emateko irtenbide gisa lizentzi baldintzatua iragarri zuen. Ordutik, eta gero eta agerikoagoak diren zalantzen aurrean, arazorik ez zegoela esaten aritu da gobernua, eta obren lizentzia iristear zegoela gehituz. Orain Hezkuntza Sailetik agerian uzten dute ez dela hala.

 

Are gehiago, denbora guzti honen bitartean, udal gobernuak ez du beste irtenbide posiblerik bilatu, ADIFekin adosturiko irtenbide bat bilatuz obrak berme juridikoekin hasi ahal izateko. EH Bildutik irtenbide posible hori azter dadin eskatu da etengabe.

 

«Bost urte geroago, Aldaialderen eraikuntzaren eta martxan jartzearen inguruko ziurtasunik ez dagoela da zorigaiztokoena. Okerrena, baina, udal gobernuak familiei eragindako etengabeko engainua izan da, gutxienez, 2019ko urritik datorrena», adierazi du Larrionek.