AKTUALITATEA


| 2022-05-19 11:26:00

EH Bilduk 27 milioi euroko zuzenketak aurkeztuko dizkio udal gobernuak aurkeztu duen 40,1 milioi euroko ezohiko aurrekontuari. EH Bilduren ustez, gobernuaren proposamena motz geratzen da eta ez die erantzuten Gasteizko erronka estrategikoei. Aurten, Gasteizko Udalak aparteko 40,1 milioi euro jasoko ditu aurrekonturako. Albiste positiboada, bai, baina 40 milioi horietatik zati bat bakarrik tramitatu eta eztabaidatuko da udalean.

«Egia esan, 40 milioietatik 27 milioi euro udalbatzan erabakiko dira, eta gainerakoa, 12 milioi euro, Urtaranek erabakiko du, alde bakarrez. Legezko aukera bat da, bai, baina hasi beharreko eztabaida modu argian pobretzen eta mugatzen duena. Sentitzen dugu, beste behin ere, mutilatutako eztabaida izatea», adierazi du Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak.

Iraganean, Urtaran
en gobernuak gauza bera egin zuen, eta alde bakarretik erabaki zuen 8 milioi euroren erabilera. Aurten gauza bera gerta litekeelakoan, EH Bildu, hasieratik, prest agertu da eztabaidatzeko eta adosteko, baina beti egin du topo gobernuaren ezezkoarekin.

Horrela, azkenean, Urtaran
ek eztabaidagai 27 milioi jarriko ditu, eta horietatik EAJk eta PSEk aurkeztutako proiektuaren diruaren ia erdia, 14 milioi inguru, kreditu globalera joango da, helburu finkorik gabe, eta zorra amortizatzera. «Ez gaude ustekabe posibleetarako dirua gordetzearen aurka (gure proposamenetan egin izan dugu eta), uste dugu beharrezkoa izan daitekeela diruaren zati bat gordetzea, krisi energetikoak edo beste ezusteko batzuek sor ditzaketen premiei aurre egiteko. Baina uste dugu logikoagoa izango litzatekeela partida horiek alkateak beretzat gordetako diruaren zatitik aterako balira. Izan ere, diru-sarreretatik iristen diren 40,1 milioietatik, Urtaranek sarrera berrien ia % 70 blokeatu ditu», ziurtatu du Viterok.

Hala ere, Euskal Herria Bilduk 27 milioi euroko zuzenketak aurkeztuko dizkio EAJk eta PSEk aurkeztutako proiektuari. Gizarte-arloan, honako hauek proposatzen ditugu: ELZ indartzea eta prestigioa ematea 2 milioi eurorekin, Zaramagako eguneko arreta-zentroari 800.000 eurorekin ekitea, San Prudentzio CIAM birmoldatzen hastea eta energia-pobreziaren aurkako laguntzak indartzea, besteak beste. Suspertze ekonomikoari dagokionez, milioi bat euro jarri ditugu udalen enplegu-planak handitzeko, eta ia milioi bat merkataritza-politikak indartzeko. Gainera, zarataren aurkako laguntzetarako 2 milioi bideratzea proposatzen dugu bizilagunentzat, eta ostalaritzako lokalak intsonorizatzea.

 

Trantsizio energetikoa aktibatzeko, EH Bilduk 3,8 milioi bideratzea proposatzen du plaka fotovoltaikoak instalatzeko eta eraginkortasun energetikoa hobetzeko. Gainera, Astegietan Zadorra berreskuratzea eta Goya eraikina Mugikortasun Jasangarriko Zentro bihurtzea aurreikusten du. Etxebizitzaren arloan, EH Bilduk birgaitzearen pultsua berreskuratu nahi du 3 milioi eurorekin (deialdi berria eta 2019ko laguntzak behingoz ordaintzea). Bustaldeako etxebizitzen birgaitzea eta gazteentzako bizitoki komunitarioaren proiektua ere jasotzen ditu.

Mugikortasunean, America Latina biribilgunerako irtenbide bat bilatzeaz gain, industrialdeetara mugitzeko bi milioi euro bideratzea aurreikusten du. Era berean, udal-gobernuak babestutako Printzipal Antzokia eraberritzeak dituen mugak ikusita, premiazkoa da Iradier Arenan erabilera anitzeko azpiegitura bat izateko lanei ekitea, bokazio eszeniko eta kultural argia duena (1,25 milioi euro).