Gasteiz

Albisteak

EH Bilduk 2021erako aurrekontu ahaleginaren jaitsiera deitoratu du egungo egoerari erantzuten ez diolako


Miren Larrion: "Egungo egoeran aurrekontu hedakorrak behar dira, eta ez murriztuak. Ez da seinale ona aurrekontu ahalegina apalagoa izatea 2021ean".

| 2020-12-04 13:56:00

EAJk eta PSEk gaur aurkeztu dute 2021erako udal aurrekontuen proiektua. Edukiari buruzko azterketa xehaturik egin ezean, hasiera batean deigarria da aurrekontuaren guztizko zenbatekoa 2020rako aurreikusitakoa baino txikiagoa izatea. «Ahalegin berezia eskatzen ari ginen, egoera ezohikoan gaudelako eta politika publikoetatik bultzada handia eskatzen dutelako. Ez da seinale ona aurrekontu ahalegina 2021ean baxuagoa izatea», azaldu du Miren Larrion EH Bildu Gasteizko bozeramaileak. Kontuan izan behar da, gainera, kurtso honetako udalaren gastu erreala, aurreikusitakoa baino askoz baxuagoa izango da, pandemiari aurre egiteko guztiz kontrakoa egitea beharrezkoa denean.


EH Bilduren ustez, zalantzarik gabe, 2021eko udal aurrekontuek pandemiak eragindako krisiari erantzun behar diote. Egungo egoeran, aurrekontu hedakorrak behar dira, eta ez murriztuak. «Aurrekontu hauek krisiari erantzun zuzena eman beharko liokete, eta ez berdinean jarraitzea. Ez du balio betikoa egiteak, udal politika publikoetan norabide aldaketa bat hasi behar da», azpimarratu du Larrionek.


EH Bilduren iritziz, aurrekontu-proiektuak udalerrian planteatutako erronkei erantzun behar die, eta EH Bilduren ustez, ezinbestekoa da lau arlo nagusitan kontuak indartzea: osasuna eta ongizatea, gizarte-politiken indartzea, susperraldi ekonomikoa, eta etorkizuneko Gasteiz prestatzea, arreta berezia jarriz larrialdi klimatikoari, trantsizio ekologikoari, mugikortasun jasangarriari edo berrikuntza sozial eta produktiboari.

EH Bilduk adierazi du prest dagoela aurrekontu horiek hobetzeko ekarpen positiboak egiteko, eta elkarrizketarako borondatea agertu du akordio zabalak lortzeko, betiere oso argi izanda aldaketa sakona egin behar dela politika publikoen norabidean eta egungo gobernantza-ereduan.