Gasteiz

Albisteak

EH Bildu exijitu dio EAJri entzun dezala gehiengo sozial eta politikoa eta alde batera utz ditzala behingoagatik Araban gasa ustiatzeko anbizioak


| 2020-12-22 18:23:00

EH Bilduren ustez, ondorio posible bakarra zen Subijanan gasa ustiatzeko baimen bat ematearen aurkako udal txostena, jarduera hori argi eta garbi ez datorrelako bat Gasteizen indarrean dagoen HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorrarekin. «Argi esan behar da lizentzia ukatzeko erabakia ez dela Urtaranen oparia izan. Gasteizko gehiengo sozial eta politiko batek urteetan egindako lanari zor zaio, lan horren bidez lortu delako udalerrian erreferentziazko araudia gasa bilatzearen eta ustiatzearen aurkakoa izatea. Etorkizun jasangarri baten alde urteak borrokan daramatzan gehiengo sozial eta politiko horrena da garaipena, frackingaren aurkako borrokatik gaurdaino», azaldu du EH Bilduko udal bozeramaile Miren Larrionek.

EH Bilduk exijitzen du, lizentzia ukazio horren ildoan, EAJk entzun dezala herrialdeko gehiengo sozial eta politiko hori, eta bertan behera utz ditzala behingoagatik Araban energia fosilak bilatzeko eta ustiatzeko obsesioak. «Gaur bertan Urtaran defendatzen ari da Gasteizen gasa ustiatzea dela estrategia egokia. Larrialdi klimatiko baten erdian gaudela, akats batean tematzea da. Norabidea aldatu behar dugu, berriztagarrietan oinarritutako etorkizun baten alde egin, eta energia fosilen apustua baztertu», defendatu du Larrionek.

 

EH Bilduren aburuz, ulertezina da azken asteotan gSubijanako proiektuaren inguruan gertatu dena, eta soilik erantzuten dio jeltzaleen egoskorkeriari aurrera jarraitu eta bazterrak nahasten segitzeko honezkero argi zegoen gauza bati buruz, azaldu du Larrionek: «Ez zen egia ez zegoenik udalaren jarrera bat gai honi buruz. Udaleko lau sailek esana zuten euren iritzia auziaren mamiari buruz: gasa bilatzeko asmoa ez zela eta ez dela araudiarekin bateragarria». Aurretik egindako txosten horiek behin eta berriro aipatu ditu EH Bilduk, eta baimena ukatzeko oinarria izan dira, Urtaranek azken garaiotan udal jarrera tekniko hori nahita alde batera utzi nahi izan duen arren.