Gasteiz

Albisteak

Bide publikotik saltokietara sarbidea bermatuko duen hirigintza aldaketa eskatu du EH Bilduk


Udalaren hurrengo osoko bilkuran, EH Bilduk, udalerriaren intrarrondaren barruan, elikadura-establezimendu handien ezarpena mugatzea eskatuko du, baita Gasteizerako mix-komertzial bat aztertzea ere.

| 2020-10-19 12:48:00

EH Bilduk hiriko erdigunean neurri komertzialak hartzea eskatu du, saltoki handien ugaritzea mugatzeko, Urteim etxadiaren kasuan bezala. Hori dela eta, Felix Gonzalez EH Bilduko zinegotziak Lurraldeko zinegotziari eskatu dio "hirigintza-araudian jasota gera dadila barne-galeria komertzialen murrizketa, espazio publikotik sarbidea bermatzen ez dutelako. Eta, era berean, muga dadila, intrarrondaren esparruan, elikadura-establezimenduen ezarpena, alkateak egingo zuela ziurtatu bazuen ere begi bistan denlako ez duela bere hitza bete, beste behin ere, tokiko komertzioaren kaltetan”.


Azken urteotan, pixkanaka gertatu den hondatze hori hiriguneko merkataritza eskaintzaren pobretzean islatu da. Udalaren erabakiek eragin kaltegarria izan dute tokiko merkataritzan, udalerrian eta honen inguruan merkataritza-gune handiak hedatzea ahalbidetu baitute. Ekimen pribatuko Urteim proiektuaren helburua, sustatzaileek ziotenez, eta gobernuak hala babestu zuenez, "zentroaren suspertzea" zen. Gorka Urtaran bera izan zen, 2018ko otsailean, batzordean honakoa esan zuena: "Galeria komertzialak eta supermerkatuak eraikitzeko aukera alde batera uzteko eskatu diot[sustatzaileari]. Gure ustez, merkataritza- eta ostalaritza-jarduera osatu behar dugu".

 

Bi urte eta erdi geroago, bistan da ez batak ez besteak ez dutela emandako hitza bete, erdiguneko etxadian instalatzeko asmoa azaldu duen lehen enpresa low cost supermerkatu bat delako. Hori dela eta, "Egungo eta etorkizuneko eskaintza kontuan hartuko duen hirigintza araudia eskatzen dugu, iraganean egindako akatsak saihestuz", adierazi du Felix Gonzalezek.


Hala, EH Bilduk hirigintzako araudia aldatzea eskatuko du datorren ostiraleko osoko bilkuran, Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, "galeria komertzialen ezarpena murrizteko, bide publikotik saltokietarako sarbidea bermatzeko".
Halaber, mozio honen bidez, elikadura-establezimenduen ezarpena mugatzea eskatuko du EH Bilduk. Hala, EH Bilduk eskatu du eremu horretan ez dadila utzi 800m2 baino gehiagoko elikagai-establezimenduen ezarpenik, ezta 400m2 baino gehiagoko establezimendurik ere, 250 langile baino gehiago dituzten kasuetan edota balantze orokorra 27 milioi eurotik gorakoa denean, adibidez.


Vitero zinegotziak udalerrirako mix-komertzial baten azterketa egiteko eskatuko dio gobernuari osoko bilkuran, auzoz auzoko egoeraren azterketa xehetik abiatuta eta sektorea ordezkatzen duten erakundeekin elkarlanean. Horrela, azterlanak merkatu-hobi posibleak aztertzea, gabeziak definitzea eta dagoen eskaintza berregokitzea izango du helburu.